Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Urtarrilak 25

Erregelamendu Batzordeak Ganberaren barne-funtzionamendua arautzen duen estatutua eguneratzeko ponentziaren txostena onetsi du

Navarra Sumaren abstentzioarekin eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoarekin, testua gehiengo osoa behar duen Foru Lege proposamen gisa izapidetuko da

Erregelamendu Batzordeak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta I-Eren kontrako botoarekin, Ganberaren barne funtzionamendua arautzen duen estatutua eguneratzeko ponentziaren txostena onartu du gaur.

 

Azken dokumentuak berrikuntza aipagarriak ditu herritarren parte-hartzeari, gardentasunari, transfugismoari edo hizkuntza inklusiboari dagokienez, eta gehiengo osoa behar duen Foru Lege proposamen gisa izapidetuko da. Aurrera egiten badu, maiatzaren 28rako aurreikusitako foru-hauteskundeen biharamunean sartuko da indarrean.

 

Unai Hualde buru izan duen ponentzia honako parlamentariek osatu dute: Marta Álvarez (titularra), Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (titularra), Arantza Biurrun (PSN), Blanca Regúlez (titularra), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Adolfo Araiz (titularra), Maiorga Ramírez (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (titularra), Mikel Buil(Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra). Silvia Domenech legelari nagusiak idazkari lanak egin ditu.  Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartu dira.

 

Erregelamenduaren testu bategina 2011ko irailaren 12an onartu zuen Mahaiak eta 2011ko irailaren 15ean Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Testuak zehatz-mehatz arautzen ditu Ganberaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko gai guztiak.

 

2011koa izan zen Erregelamenduaren azken aldaketa sakona. Berrikiago, 2020ko iraileanerreforma puntual bat onartu zen, kasu honetan interpelazioak (taldeen txandaketa eta taldeen tamainaren araberako kupoa) antolatzeko alde batetik, eta adierazpen instituzionalak aho batez onesteko beharra ezarriz, bestetik.

 

Erregelamenduaren erreforma, zehaztuz gero, foru lege proposamenen arauen arabera formulatu eta izapidetutako proposamen bat aurkeztuz gauzatu beharko da (nahiz eta Nafarroako Gobernuaren esku-hartzerik gabe), eta Erregelamenduko Batzordeak izanen du irizpena egiteko eskumena. Osoko Bilkurak onartutako testu osoari buruzko azken bozketan, legebiltzarreko kideen gehiengo osoa beharko da.

 

Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduak Ganberako barne bizitza sistematizatzen du. Arau- eta funtzio-autonomiaren adierazpena da, eta Parlamentuko lanen garapen ordenatua bermatzeko hainbat arau ditu, bai eta lehendakariak, mahaiak edo osoko bilkurak arau horiek hausten dituztenei ezar diezazkiekeen zehapenak ere.


Unai Hualde buru izan duen saioan, honako hauek parte hartu dute: Marta Álvarez, Alberto Bonilla, Yolanda Ibáñez Jorge Esparza, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Arantxa Biurrun, Carlos Mena, (PSN), Blanca Regúlez, Isabel Aranburu, (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).