Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 28

Errenta bermatua arautzen duen Foru Legea aldatzeko proiektu bat aurkez zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

"Gizarteratze eta laneratze tasak hobetzeko errenta eredu eraginkorragoa" eskatzen zuen Navarra Sumak

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren aldeko botoarekin eta PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “15/2016 Foru Legea, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena aldatzeko proiektu bat ekar zezan Parlamentu honetara”.

 

Aldaketa horrek, zehazten zenez, “kontuan hartuko zuen errentaren eredu aktiboago bat, hura jasotzeko eskubidea hasieratik lotuta utziko duena ibilbide sozialak eta/edo enplegagarritasuna hobetzekoak egitearekin, enpleguarekin argiago uztartuta egon dadin, eta jasotzaileendako laguntza profesionala sendotuko duena”.

 

PSNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak onartu ez duena, Nafarroako Gobernua premiatuz “26/2018 Foru Dekretuan 2020rako aurreikusten zen ebaluazioa aurrera eraman zezan. Ebaluazio horretan oinarrituta, Gobernuak Errenta Bermatua eraginkorra izan dadin eta bereziki gizarteratzea gauza dadin detektatutako hobekuntzak martxan jarriko lituzke”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak 15/2016 Legea duela hiru urte onetsi zenetik bildutako datuak aipatzen zituen, egiaztatzeko, “zenbait adierazlek hobera egin duten arren, jasotzaileen diru-sarreren igoeraren ondorioz batez ere, ez da lortu laneratzearen helburua, %30era baino ez dira iristen lana lortzen dutenak”.

 

Gauzak honela, sustatzaileek aldaketa sakon bat eskatzen zuten “2020 amaierako ebaluazioari itxoin gabe”, gizarteratzea eta laneratzea ahalbidetuko duen eredu bat eraikiko zuena, “Nafarroak pobreziari eta bazterketari dagokionean beti izan ohi zuen lidergoa berreskura zezan”.