Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 30

Erreparazio moraleko hogei ziurtagiri entregatzeko ekitaldia, Memoria Historikoari buruzko 52/2007 Legearen gerizpean

Unai Hualdek dio Nafarroako Parlamentuaren betebeharra dela "indarkeria guztien biktima guztien aldamenean egotea, baina 36koekin zor berezia dago"

Nafarroako Parlamentuak Erreparazio eta Errekonozimendu Pertsonaleko Deklarazioa entregatzeko beste ekitaldi bat egin du gaurko eguerdian; seigarrena izan da, 2011ko abenduaren 15ekoaren (69 eman ziren), 2014ko martxoaren 21ekoaren (32), 2015eko maiatzaren 29koaren (60), 2017ko martxoaren 24koaren (64) eta 2018ko abenduaren 17koaren (31) ondoren. Gaurkoan, AFFNA-Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Senideen Elkarteko 20 pertsonaren alde egin da; guztiak, Gerra Zibilean eta diktadura-aldian indarkeria edo pertsekuzioa pairatu zuten herritarren ondorengo ahaideak.

 

Ekitaldia, Memoria Historikoari buruzko Legearen gerizpean egina, Unai Hualdek ireki du, nabarmendurik "giza eskubideen edozein urraketaren biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa bezalako hitzek daukaten balio erraldoia". 1936an gertaturikoaren kasuan, horrelako drama bat isiltasunari loturik ageri da; izan ere, 80 urte baino gehiago pasa diren honetan, oraindik ere badago bere senide erailak non dauden ez dakienik. Nafarroako Parlamentuaren betebeharra da indarkeria guztien biktima guztien aldamenean egotea, baina 36koekin zor berezia daukagu. Urte gehiegi eman dituzte justizia noiz eginen den zain".

 

Ildo horretatik, lehendakariak adierazi du: "gaur memoria historiko demokratikoko jardun bat eginen dugu, sufrimendua errekonozituz eta errepresaliak nahiz tratu txarrak, hiltzerainokoak kasuren batean, jasan zituzten 20 pertsonaren ohorea berriro zutituz. Baina barkamen-eske publiko batek, egokia eta eraginkorra izateko, ezinbestean errekonozitu behar du gertatua, eta ezinbestean onartu erantzukizunak ere. Aurrerapausoak ematen goaz, baina asko dago oraindik eginkizun elkarbizitzaren alorrean. Horregatik, garrantzitsua da Memoria Historikoaren Legea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Foru Legea garatzen jarraitzea. Oroimenaren eginbeharrak ezinbestean zaizkigu bete beharrekoak. 36ko biktimei buruz ikertzen eta haiei buruzko informazioa osatzen segitu beharra dago, eta horretarako balio du Parlamentu honek sustaturiko NUPen Dokumentu Funtsak ere, gero eta hornituagoa eta irisgarriagoa baita.

 

Adierazitakoaren ildotik, eta Bakearen eta Bizikidetasunaren Zuzendaritza Nagusiak nahiz Ministerioko Memoria Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiak eginiko lana balioan jarri ondoren, Unai Hualdek "harako errepresio eta/edo hilkintzako plan sistematikoa" oroitarazi du, "zeinak, arrazoi ideologiko eta politikoak tarteko, barne hartu baitzuen milaka pertsonaren espoliazioa eta lekualdaketa, era guztietako umiliazioetara makurraraziak", eta ohartarazi du frankismoaren gaur egungo iraupenaren arriskuaz, "zeinak gaur den egunean oraindik ere babesa aurkitzen baitu zenbait alkaterengan eta alderdi politikotan; horietako bat, Kongresuan ordezkaritza duena. Genozidio bat izan zen gerra; eta gerraostea eta diktadura, mendeku bat. Baina orain, jadanik demokrazian, frankismoak bizirik dirau".

 

Parlamentuko lehendakariak amaitu du 1936ko kolpe militarrean eraildako eta haren ondoriozko errepresioaren biktima izandako herritarren familiei beren pertseberantzia eskertuz eta agerraraziz ezen "Parlamentuko ordezkari guztiek eta nafar gizartearen gehiengo sekulako batek" bat egiten dutela omenaldi honekin. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten ezin izan dugu ekitaldi jendetsu bat egin, pandemiaren ondorioz. Ezin izan dugu atalondo hau bete, baina konprometituta segitzen dugu egiaren bilaketa, erreparazio eta justiziarekin. Memoriari buruz ari gara. Gaur, beste inoiz baino gehiago, osasuna eta... zuei uzten dizuet bigarren partea, nire egoera instituzionalagatik. Eskerrik asko”.

 

AFFNAko lehendakari Amaia Lerga andrea 2011n ekitaldi hauek hasi zirenetik elkarteak eginiko ibilbideaz mintzatu da (350 dokumentu entregatu dira). Esan duenez, "erreparazio-ekintza bakanetako bat; errekonozimendu berantiar eta sinplea, baina bidezkoa eta hunkigarria. Bizi izandako izugarrikeria errekonozi dadin erdiestea lorpen handi bat da milaka familiarentzat. Gaur omentzen ari garen 20 pertsonen oihartzunak bake, askatasun eta elkartasunezko gizarte baterantz gidatu behar gaitu. Horixe dugu haiek utzi digutena, munduari begiratzeko izan zuten modu hain polit hura".

 

Lergak zehaztu du AFFNAtik aldarrikatzen dena ez dela "emoziozko errelato bat, baizik eta gure oraintsuko historia deskribatzen duen errelato bat". Errelato historikoa frankismoaren aldekoa izan da, baina frogak eta dokumentuak bilatzen aritu ondoren, demostratu dugu gertatu egin direla erailketa, bortxaketa, tortura, lapurketa, espetxeratze eta erbesteratze hauek. Oraindik ere horri buruzko dudarik ba al dago, ba? Erreparazio hau eskatu genuenetik, lau pertsona hil dira: Andrés Jaso, Silvia Salsamendi, Esperanza Juániz eta Francisco Javier Lafraya. Errekonozimendua oso berandu heldu da; guretzat, denbora zera da, eguneroko atzerako kontaketa bat".

 

Lergak amaitu du erreparazio "osokoa eta eraginkorra" ematearen aldeko aldarrikapenarekin. Ez zaigu zera besterik gelditzen, Memoria Demokratikoari buruzko Legearen hitzak egintza bihur daitezela, eta hurbil gaitzatela memoria, justizia eta erreparazioa gauzatuko dituen Estatu baterantz, II. Errepublikaren epealdia barne. Eta Madrilen Errepublikaz mintzatzea Erorien Haranaren esanahiberritzeaz jardutea baldin bada, gurean izan bedi Erorien Monumentuaren eraispenaz aritzea: Estatuko bigarren handiena, heriotzaren omenez egina. Gure erreibindikazioekin segituko dugu zeren eta, esan ohi dugunez, izugarrikeria haiek ez baititugu inoiz gehiago inorentzat nahi".

 

Carmen Calvo, Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko Lehen Lehendakariordea, hasi da aitortuz badaudela "hitz gutxi eskatzen dituzten egoerak. Zuen hunkiduran bat nator. Hementxe gaude, baketsu, bakea posible den modu bakarrean ereiten: memoria izanez. Herri duin bat gara, oroitzeko gaitasuna daukagulako. Bizikidetasuna dugu nabigabide, desberdin diren ideiekiko begirunea. Totalitarismoek eta faxismoek ez dute demokrazian lekurik. Legeak agintzen duen errekonozimendua dakart, baina harago noa. Gutxienez ere zor dieguna da gure oroimena eta esker ona, askatasuna ereiteagatik, gu guztion askatasunak. Non dago problema? Pertsona batek oroimena galtzen duenean, gaixorik dagoela esaten da".

 

Etorkizunari begira, Calvok aitortu du "gauza asko" daudela eginkizun. Ez da borondatezkotasun-auzi bat, baizik eta beste demokrazia batzuek jadanik egina daukaten lana bukatzea. Eta Gobernu honek egin eginen du hori, Memoria Demokratikoaren Legearen proiektuaren bitartez, zeinak jarraipena ematen baitio 2007an ekin zitzaion bideari. Memoria demokratikoak zauriak ixten ditu, guztiei duintasuna emanez itxi ere. Ezein dokumentutan ez dut nire sinadura jarri hemen adina ohorez eta errekonozimenduz. Zeinen kementsu ez ote ziren pertsona haiek izan, une hartan beren tokia non zegoen jakin zutenak. Bakea eta elkarbizitza ez bitez beste inoiz iskiluen bidez suntsi. Eskerrik asko".

 

María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak mintzagai izan ditu "konbentzimendua, konpromisoa eta emozioa" eta "adostasun-bilaketa, elkarbizitzan aurrerapausoak emate aldera egiaren, justiziaren, memoriaren eta erreparazioaren printzipioei jarraikiz. Eginkizun kolektiboa dugu hau, gizarte garen aldetik, eta administrazio guztiei ere badagokie. Pedagogia sozialeko langintza aktibo batetik ekin behar zaie memoria-politika publikoei, eta horregatik jartzen dugu azpimarra hezkuntza-sistemaren bitartez gazteriarekin eginiko lanean".

 

Chivitek Nafarroako Gobernuaren bultzada jasotzen ari diren ekintza guztiak aipatu ditu, ildo ezberdinetakoak: desobiratzeak, DNA bankua, hilobi-mapa, memoriaren tokien sarea, dokumentazio-zentroa, liburutegia, ikur frankistak kentzea. Amaitu du memoriarekiko konpromisoa azpimarratuz, "ezen gaur gizarte eta herri bezala zer garen, horretatik asko zor diegu askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik erailak izan ziren pertsona haiei guztiei. Eskerrik asko AFFNAri hainbesteko konpromisoagatik, hainbesteko erresilientziagatik eta saminetik elkarbizitza ulertzeko hainbesteko gaitasunagatik. Eskerrik asko, ulertzeagatik elkarbizitza egiatik eta erreparaziotik eraikitzen dela, eta ez gorrototik abiatuta".

 

Jarraian, Martín Gil (Simón Elizalde Arano-ren ahaidea) eta Marian García oholtzara igo dira, beren gertukoak zirenen berri ematera eta AFFNAk sarraski haren ahanzturaren aurka eginiko lana defendatzera. "Hona gatoz argia isurtzera oraindik ere gaur den egunean guregan eragina izaten segitzen duten pertsona eta gertakari batzuen gainean. Francoren diktaduraren krimenak dira".

 

Nork bere lekukotasuna eskaini ondoren, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek, Lehen Lehendakariorde eta Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko ministro Carmen Calvok eta AFFNAko lehendakari Amaia Lergak ziurtagiriak eskuratu dizkiete Gerra Zibilean eta haren osteko diktadura-aldian zehar errepresaliatuak izan ziren hogei pertsonaren senitartekoei.

 

Ekitaldia amaitzeko, aurresku bat eskaini du Duguna taldeak (Mikel Tristán-ek, txistu bidezko akonpainamendua egiten ziotela Aitor Huarte, Ibai Indart eta Beñat López-ek), eta lore-eskaintza bat egin da Parlamentuan 2015eko urtarrilaren 12az geroztik dagoen plakaren aurrean, Errekonozimendu eta Erreparazio Moralari buruzko 2013ko azaroaren 14ko Foru Legeak agindutakoari jarraituz ipinia eta 1936ko matxinada militarraren ondorioz Nafarroan eraildako hautetsi guztien omenezkoa, eta 2016ko apirilean atalondora lekualdatua.

 

Musika-akonpainamendua honakoek osaturiko Suakai hirukotearen ardurapekoa izan da: Iván Carmona (biolontxeloa), Yeray Carmona (gitarra klasikoa) eta Claudia Osés (biolina). Honako lau lan hauek jo dituzte: Ciaccona, M. Cazzati-rena; Pie Jesu-ren egokitzapen bat, Karl Jenkins-ena; Sarabande eta Menuet, J.S. Bach-en sol maiorreko 1. Suitekoak, eta Benito Lertxundiren Nere Herriko Neskatxa Maite-ren egokitzapen bat.

 

Bertaratuen artean egon dira Mahaiko kide Inma Jurío, Yolanda Ibáñez, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez; eledun Javier Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai); Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E), Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martín Zabalza, Memoriaren Institutuko zuzendari José Miguel Gastón, Gobernuaren Nafarroako ordezkari José Luis Arasti, Iruñeko Udaleko zinegotzi María Echávarri, Santos Cerdán diputatua eta Alberto Catalán senataria.

 

Erreparazio moraleko ziurtagiri horien banaketa zor zaio abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 4. artikuluaren 1. paragrafoan xedatuari. Lege horren bidez onartzen eta zabaltzen dira gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak, eta haien aldeko neurriak ezartzen dira.

 

Memoria Historikoaren Legeko artikulu horrek erreparazio eta errekonozimendu pertsonaleko deklarazio bat lortzeko eskubidea aitortzen die gerra zibilean eta diktadura-aldian zehar aurreko artikuluek aipaturiko ebazpenen efektuak jasan zituztenei. Eskubide hori guztiz bateragarria da aurreko arauetan aitorturiko gainerako eskubideekin eta erreparazio-neurriekin, bai eta zilegi izan daitezkeen akzioak justizia-auzitegietan egikaritzearekin".

 

Hau da omendutako pertsonen zerrenda: Anastasio Lacasta Garasa, Valentín Lacasta Garasa, Eustaquio Lacasta Janices, José Lacasta Janices, Miguel Gil Isturiz, Cruz Juániz Zabalza, Macario Lafraya Malo, Andrés Rodriga de Benito, Blás Soret Peralta, Pedro Belloso García, Calixto Carbonero Nieto, Simón Elizalde Arana, Martín Gil Istúriz, Félix Herranz Iglesias, Ángel Antonio Herranz Lumbier, Francisco de Asís Herranz Lumbier, Santiago López Landa, Juan Urrizalqui Andueza, Martín Lozano Segura, José Ojer Campaña.

 

Ekitaldian, Laneko Arriskuen Prebentzioak ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak eta segurtasun-distantziak bete dira, baita areto bakoitzerako –kasu honetan, atalondoa– ezarritako gehieneko edukierari dagokionez ere.