Errepideen kontserbazioa ordaintzeko diru-sarrerak nola lortu eztabaidatzea proposatu du Gobernuak
UPNren jabeldura bati erantzunez, Ayerdik esan du Nafarroarentzat "arazo" dela sarea mantendu beharra, ez dagoelako aurrekontu-baliabide nahikorik
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik esan du Foru Komunitatearentzat "arazo" dela bere errepide sarea mantendu beharra. Ohartarazi du Komunitateak urteak daramatzala "kontserbaziorako behar dena baino askoz gutxiago jartzen" eta 2016an ere berdin eginen duela, ez dagoelako aurrekontu-baliabide nahikorik. Horregatik, errepide sarea mantentzeko diru-sarrerak ekarriko dituzten sistemak bilatzeko eztabaida abian jartzea proposatu du.
Ayerdik azaldu du, UPNren jabeldurari erantzunez, azken urteotako Errepideen Gida Planean urtean 60 milioi euro jartzea aurreikusten zela errepide sarea zaintzeko, baina urtean 27 milioi euro baino ez direla jarri eta 2016an ere beste horrenbeste gertatuko dela.
"Komeni dena baino askoz ere gutxiago inbertitu beharko dugu eta horrek bere ondorioak ditu sailkapenetan ere, Nafarroa oso atzean baitago errepide sarearenean. Seinale bertikalen aldetik bigarren erkidegorik txarrena gara, eta segurtasun hesiei eta zoruen egoerari dagokienez laugarren txarrena", zehaztu du.
Manu Ayerdik erantsi du ezin dela egoera hori betikotu eta horrexek eraman duela "eztabaidagai korapilatsu, desatsegin eta zail bat" mahai gainean jartzera, alegia, "errepideen kontserbazio maila egokia lortzeko diru-sarrerak ekarriko dituzten sistemak bilatu beharra. Lan egin behar da aukera guztiak kontuan hartzeko. Edo arazo honi aurre egiten diogu, jendearen gustukoa ez izan arren, edo ez diogu aurre egiten".
Beste aukera batzuen artean, Europan planteatzen ari dena azaldu du lehendakariordeak: errepideak mantentzearen kostua errepideetan dabiltzan kamioiei eta erabiltzaileei jasanaraztea. "Europak diosku pilak jarri behar ditugula eta diru-sarrerak sortuko dituzten sistemak bilatu", adierazi du.
Lehendakariorde ekonomikoak aitortu du aurreko gobernuek bezala oraingoak eta hurrengoek ere "aurrekontu-ahalbide eskasak" izanen dituztela. "Horrek esan nahi du errepideen sailkapenetan Nafarroaren argazkia txarragoa izanen dela, eta sarearen egoerak zerikusi handia du lurraldearen egiturarekin eta kohesioarekin".
Gainera, "oraingo asimetria" orekatzearen alde agertu da, "Erriberarako korridorea (bidesariduna) erabiltzen duten biztanleek asimetria baitute gainerakoen aldean".
Gipuzkoak N-1eko Etxegarateko gainean bidesaria jartzeko aukeraz ere mintzatu da Manu Ayerdi. Hori dela eta "lasai" dagoela esan du, "egiten dena egiten dela ere modu koordinatuan eginen delako".
Jakinarazi du aste honetan bertan Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin hitz egin duela eta hura gaiari buruzko txosten bat noiz amaituko zain dagoela. Txosten hori amaitzen denean Nafarroa eta Gipuzkoa arteko topaketa eginen da egoera aztertzeko, eta Arabari ere horren berri emanen zaio.
Carlos García Adanerok (UPN PT) ohartarazi du Gipuzkoak 10 milioi euroko aurrekontua jarri duela ordainlekuak instalatzeko, eta aukera hori gauzatuko balitz garrantzi handia izanen lukeela "Nafarroarentzat eta bere errepide-sarearentzat. Kamioi askok erabiltzen dute N-1 errepidea. Bidesaria jartzen bada, hainbat kamioik N-121 errepidera joko dute eta horrek arazoak sortuko ditu". Errepideen kontserbazioa dela eta, "eztabaida hortxe dago eta arazoa aztertu egin beharko da", esan du.
Virgina Alemanek (Geroa Bai PT) aitortu du bidesarien inguruko eztabaida "korapilatsua eta latza" dela, eta adierazi du errepideen kontserbazioa hertsiki lotuta dagoela "ongizate-estatuarekin eta eredu hori gure belaunaldiarentzat eta hurrengoentzat jasangarria izatearekin. Errepide sarea nafar guztien ondasuna da eta atzean gelditzen ari gara. Erreferentziako erkidegoa izatetik azkenetakoak izatera pasatu gara".
Adolfo Araizek (EH Bildu PT) gogora ekarri du bere taldea Nafarroako Parlamentuan garraioari buruzko ponentzia bat abian jartzearen alde dagoela, eta hor bidesariei buruzko eztabaida ere jaso behar litzatekeela, "mugikortasunaren ikusmolde zabalago baten barruan, kolektibo guztiak inplikatuz. Eztabaida sozial sakona da eta zorroztasun eta gardentasunik handienarekin ekin behar diogu", adierazi du.
Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu PT) esan duenez, "zaila izanen da gipuzkoarrak bidesaririk jar ez dezaten konbentzitzea, kontuan izanik azken hamarkadetan gure komunitatea zeharkatzeko lau ordainlekutatik pasatu behar izan dutela". "Gu ezkutuko bidesarien eta ageriko bidesarien aurka gaude", esan du.
Guzmán Garmendiak (PSN PT) adierazi du bere taldea doako errepideen alde dagoela, "bidesariak ez direlako justuak", eta hau erantsi du: "Nafarroan bereizkeria egiten ari da eta horrek ez du komunitatea egoki egituratzen laguntzen. Erriberako biztanleek gainkostua ordaindu behar dute medikuarenera joateko Iruñera, edo lanera joateko".
Javier Garciak (PPN FPE) esan du espero duela "harremanak areagotzea, nafarrek Gipuzkoara joateko ordaindu beharrik izan ez dezaten", eta ohartarazi du bere taldeak soluzio bat nahi duela "AP-15eko bidesarietarako, Erriberatik Iruñera gatozenok bidesaririk ordaindu behar izan ez dezagun".
José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra FPE) adierazi duenez, "UPN gobernatzen hasi zenean, ziur aski Estatukoen artean ongien kontserbatuak ziren errepideak heredatu zituen, eta azken lekuan utzi ditu". "Bistan da arazo bat dagoela. Hainbeste urtetan hau kudeatu duenaren erantzukizuna da. Zerga sistema justu eta progresibo batean bilatu behar da konponbidea, eta ez bidesaria bezalako koordainketa elementu batean", adierazi du.