Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Apirilak 14

'Errepresioa Nafarroan (1936-1939). Gaurko ikuspegia'

Majuelo eta Mendiolak nabarmendu dute balio handia duela Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoak 1936-75 bitarteko biktimen gaineko informazio guztia biltzeko

Nafarroako errepresioaren 80. urteurrena dela eta prestatu den jarduera-egitarauaren barruan, Foru Parlamentuan gaur arratsaldean mintzatu dira Emilio Majuelo Gil eta Fernando Mendiola Gonzalo irakasleak, NUPeko Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoko ikertzaileak. Beren ikuspuntua azaldu dute hitzaldiaren gaiari buruz: Errepresioa Nafarroan (1936-1939), gaurko ikuspegitik.


Emilio Majuelo Historia Garaikideko doktorea da. Hitzaldiaren hasieran esan du, denborari erreparatuta, bere ustez anakronismoa dela 2016an hastea “argi eta garbi hitz egiten, gero eta datu gehiagorekin, duela laurogei urte gertatutakoari buruz”.


Majueloren esanetan Jimeno Juriori zor zaio irekitze horren hasiera, “udal agiritegiak arakatzen eta jendea elkarrizketatzen lehena izan baitzen”, baina, batez ere, Navarra 1936. De la Esperanza al Terror liburuari (Altaffaylla Kultur Taldea, 1986), “berak ematen baititu aditzera biktimen eta senideen zuzeneko lekukotzak. Horixe da, zalantzarik gabe, erreferentziako lana arlo honetan”.


Hortik abiatuta, azaldu du Majuelok, “hainbat elkarte sortu dira, argitaratu gabeko alderdiak lantzen aritu direnak, Nafarroako oroimen historikoaren inguruko erreferentzia gune batzuk eratu arte. Halakoen artean nabarmentzen dira “Sartagudako Oroimenaren Parkea, Erronkari eta Zaraitzu ibarren arteko errepidea egin zuten Francoren 2.000 esklaboen oroimenez Igari-Bidankozeko gainean jarritako monolitoa, eta San Kristobal gotorlekuaren inguruan egindako esku hartzeak”.


Bestalde, araugintzaren alorrean, “gizarte eta elkarte mugimenduaren ekintza guztien ondorioz, Nafarroako Parlamentuak 2003ko martxoaren 10ean adierazpena egin zuen 1936ko kolpe militarraren ondoren fusilatu zituzten nafar guztientzako aitormenaren eta ordain moralaren alde”.


Frankismoaren biktimen eskubideak aitortzeko eta azpimarratzeko lehen saio instituzional hura 2013an “bururatu” zen, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko Foru Legea onetsi zenean. “Garrantzi handiko araua da, oso aurreratua han-hemen dauden beste batzuen aldean”, ohartarazi du Majuelok.


Ildo horretan, Majuelok Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoaren lana azpimarratu du. NUPeko ikertzaile talde batek garatu du proiektu hori, Unibertsitateak eta Nafarroako Parlamentuak 2011ko azaroaren 30ean sinatutako hitzarmenaren babesean, Parlamentuak 2009ko otsailaren 12an erabakitakoa betez.


Lan horren helburua da “1936tik 1975era bitartean zigortutako pertsonen gaineko informazio guztia biltzea, nornahik bere ahaideen heriotzari buruzko argibideak bilatu ahal izan ditzan Interneten bidez” (http://memoria-oroimena.unavarra.es). “Izen-deiturak, jaioterria, bizilekua edota filiazio politikoa izan daitezke bilaketarako datuak, are jasandako errepresio mota ere”, eta azken atal horretan bederatzi kategoria daude: “genero erasoak, erailtzea, lekuz aldatzea, giltzapetzea, heriotza giltzapean, bestelako heriotza, errepresio ekonomikoa eta lanekoa, hizkuntza eta kultura errepresioa, eta torturak eta eraso fisikoak”.


Bestalde, Fernando Mendiolak –Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktorea eta NUPeko irakaslea– dokumentu funts horretan jasotako errepresio mota guztien norainokoaren behin-behineko balantzea egin du. Oraingoz, gehien, “ia behin betiko”, ikertu den atala da “1939-1942 bitartean erail zituztenekin eta giltzapean hil zirenekin zerikusia duena. Esan dezakegu kolpe militarraren ondoren atzeguardian hasi zen errepresioa biziagoa izan zela aldez aurretik nekazaritzako gatazka gehien izan zituzten aldeetan, funtsean Erriberan. Aurka zuten biztanleria haren zati handi bat suntsitzea zen helburua”.


Beste atal batean ere aski aurreratu da, alegia, San Kristobalen eta Iruñeko probintzia espetxean preso egon zirenen inguruko ikerketan. “Espetxeratu kopuruak uste genuen baino dezentez handiagoak dira. Gainera, genero erasoak jasan zituzten 500 emakume baino gehiagoren datuak jaso dira dagoeneko”.


“Eraikitzen ari den” proiektua izanda, Mendiolak herritarrei deia egin die datu edo dokumentu jakingarriren bat dutenek ikertzaile taldeari helaraz diezaioten [email protected] helbidean, harremanetarako helbide hori jarri baita (http://memoria-oroimena.unavarra.es) webgunean. Bertan ikusgai daude taldeak orain arte bildu dituen datu guztiak. Hauek dira taldeko kideak: Gotzon Garmendia, Juan Carlos García (2015era arte) eta Nerea Pérez (2016tik).


Unai Hualde Parlamentuko lehen lehendakariordeak aurkeztu ditu hizlariak. Gainera, hitzaldia entzutera joan dira Patxi Leuza, María Solana eta Consuelo Satrustegi parlamentariak (Geroa Bai parlamentu-taldea), Asun Fernández de Garaialde, Dabid Anaut (EH Bildu parlamentu-taldea), Fátima Andreo, Carlos Couso, Rubén Velasco eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), bai eta Eduardo Santos diputatua ere (Podemos).

Igandean, omenaldia 1936an eraildakoei


Nafarroako Parlamentuak Nafarroako errepresioaren 80. urteurrena dela eta antolatu duen egitarauari amaiera emateko, igandean omenaldia eginen zaie 1936ko matxinada militarraren ondorioz erail zituzten herri ordezkariei.


Ekitaldi horretan lekuz aldatuko da Nafarroako kargudun hautetsien omenezko plaka, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legean ezarritakoa betetzeko. Izan ere, lege horrek dioenez, Parlamentuak “atalondoko leku nabarmen batean” jarri behar du plaka hori.


Ekitaldian izanen dira Ainhoa Aznárez Igarza, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, eta Uxue Barkos Berruezo, Nafarroako Gobernuko lehendakaria.


Parlamentuko atalondoan eginen da omenaldia, 12:00etatik aurrera. Enrique Villarreal El Drogas-ek eta Sarrigurengo gaiteroek musikaz lagunduko dute.