Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Martxoak 16

Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Berriozarko Iruñalde zahar-etxera

Zahar-etxea 2018an jarri zen abian, eta zahartze aktiborako nahiz mendekotasunari aurrea hartzeko programak eskaintzen ditu. 2022tik aitzina bertan Eguneko Zentroa paratzea aurreikusten da

Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da gaur, EH Bildu talde parlamentarioak eskatuta, Berriozarko Udalaren Iruñalde zahar-etxera, 60 urtetik goitiko pertsonentzako edota desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzako jarduerak eta arreta hartzen dituen gune komunitariora.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Marta Álvarez, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Isabel Aramburu (Geroa Bai), Patricia Perales (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

Parlamentuaren ordezkariekin bildu dira Iosu Bayo (Udalaren Kiroletako, Gizarte Ongizateko eta Osasuneko teknikaria), Feli Muñoz (Berdintasun Alorreko psikologoa), Raul Maiza (Berriozarko alkatea), Daniel Cuesta, Ignacio Bernal, Inmaculada García eta Ezekiel Martín (zinegotziak) eta Saioa Leria eta Ander Pascualena (autonomia programako langileak).

 

Patricia Peralesek sarrera gisa esan duenez, bisitaren helburua izan da bertatik bertara ezagutzea zentroaren instalazioak eta “nagusien bizi-kalitatea hobetzeko eskaintzen dituen zerbitzuak, bizitza osasungarri, parte-hartzaile eta seguru bat garatzeko aukerak eskainiz”.

 

Jarraian, parlamentariek bisita gidatua egin dute ikastetxean barrena eta, udal teknikariek lagunduta, herriko adinekoen ongizatera bideratutako programak eskaini ahal izateko atondu diren espazioen egokitasuna egiaztatu ahal izan dute.

 

Eraikina 2018an zaharberritu zen (lehenago, haur eskola zegoen bertan), 180.000 euroko aurrekontuarekin. Guztira 600 metro koadro dira, eta bi solairu eta barne-patio bat ditu, non besteak beste dauden gimnasioa, jubiloteka, diziplina anitzeko bi gela, informatika gela, komun geriatrikoak, eta abar.

 

Iosu Bayo udal teknikariak adierazi duenez, “eskaintzen diren zerbitzuak komunitate-programak dira, diziplinarteko ikuskeraz taxutuak, Berriozarko herritarren sektore horren beharrizanak aintzat hartuta eta erakundeen arteko lankidetzari esker funtzionatzen dutenak”.

 

Azaldu duenez, zentroak Bizitza Aktiboko programa bat dauka abian, zahartze aktibora bideratutako jarduerak eskaintzen dituena maila fisikoan, psikologikoan nahiz emozionalean, gizarte-interakzioaren bidez. “Zahartze gogobetegarria, belaunaldien artekoa, parte-hartzailea lortu nahi da, ahalduntzea ardatz, kultur aniztasunari eta generoei erreparatuta”.

 

Halaber, zentroak Familia-arnasgune eta autonomiako programa bat dauka (Jubiloteka), mendekotasunaren hastapenetan dauden pertsonentzako eta bakarrik dauden pertsonentzako jarduera fisiko, sozial eta psikologikoak hartzen dituena. Programa horren bidez, dio Bayok, “gaitasunak berreskuratzea eta mendekotasuna prebenitzea bilatzen da, pertsonei arnasa har dezaten ahalbidetu bidenabar”.

 

Zentroak, gainera, badu beste gune bat, non Berriozarko Udalak sei orduko Eguneko Zentroa paratu nahi duen 2022an, adineko pertsonak langile espezialitatuekin egon daitezen. “Horri esker, mendekotasun edota desgaitasun handiagoa duten nagusiek herrian bertan bizi ahal izanen dute zahartzaroa, beren ingurune naturaletik aldendu behar izan gabe”.

 

Azkenik, Iosu Bayok eskatu du Gizarte Zerbitzuen Zorroan sar daitezen zerbitzu horiek, Nafarroako Gobernuak diruz lagundu ahal izan ditzan. “Zerbitzu bakoitzaren espezifikotasuna, nortasuna eta idiosinkrasia kontuan hartuko dituzten itunak sortu beharra dago. Herri bakoitzaren beharrizanen arabera taxututako zerbitzuak sortzean datza etorkizuna”.