Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da gaur, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Pilar Gogorcena eguneko zentrora
Proiektua oraindik bizikidetzako bi unitaterekin eta arreta goiztiarreko unitate batekin osotzeko badago ere, zentro hori zainketa norbanakotuen erakusgarri bilakatua da
Gaurkoan, Eskubide Sozialetako Batzordeak Pilar Gogorcena eguneko zentrora egin du bisita. Gune hori desgaitasun intelektuala duten pertsonak artatzekoa da, eta aurtengo urtarrilean inauguratu zen, 1,1 milioiko inbertsioa egin ondoren. San Joseko instalazioak zirenetan dago kokatuta eta, 45 tokirekin, Iruña osoaren eskaerari erantzuten dio.
Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Marta Álvarez, Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Isabel Aramburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote zentroko zuzendari Adriana Gonzálezek, Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Ataleko buru Ainhoa Trébolek eta Obren eta Horniduren Ataleko ingeniari David Urbiolak.
Bisita PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk eskatuta egin da, eta xede izan du Monjardín zentroaren erabiltzaile izandakoak hartzeko beharretik sorturiko zentroaren "instalazio berriak ezagutzea". Monjardínekoak azken urteotan Las Hayas eta Valle del Roncal zentroetan birkokatuta egon dira.
Jarraian, Adriana Gonzálezek azaldu ditu Pilar Gogorcena zentroaren ezaugarriak eta bertako arreta-eredua: zainketa norbanakotuen eredua, baliabide guztietan ezarri nahi dena, Nafarroako 2019-23 Desgaitasun Planaren arabera; baita eguneko zentroetan ere.
Horri buruz, zuzendariak diseinuaren berritasuna nabarmendu du, erabiltzailearen bizi-kalitatea hobetu eta haren gizarteratzeari laguntzeko taxutua. Horretarako, ikusmolde "integratzaile" bat aldarrikatzen da, auzoko bizitzan bertako kultura-, gizarte- edo kirol-baliabideak erabiliz parte hartzera gonbidatzen duena.
Hasierako proiektuan aurreikusten zen beste bi bizikidetzako unitate gaitzea; horiek gauzatuz gero, beste 30 postu gehiago eskainiko lituzkete, eta pertsona hauen autonomia pertsonal eta soziala hobetzeko prozesua optimizatzen lagunduko lukete. Obrak bukatzeko aurrekontua, esan denez, milioi bat euro ingurukoa litzateke.
Era berean, ez da baztertzen eraikinaren goialdean arreta goiztiarreko zentro bat paratzea, hori ere aurreikusten zen bezala. Balioko luke, besteak beste, "gainezka" dagoen Sarrigurengo arreta goiztiarreko zentroa arintzeko.
Proiektu hori posible egiteko, gaitasun tekniko ezberdinetakoak diren profesionalez dago osatuta plantilla, hala nola psikologia, gizarte-lana, fisioterapia, hezitzaileak, komunikazioa edo zuzeneko arretako langileak.
Zentroa 2021eko urtarrilaren 4an inauguratu zen, bost hilabeteko obra batzuen ondoren. 45 postu dauzka (hiru modulutan banatuak), eta Nafarroako Gobernuak hezkuntza-etapa amaitu duten desgaitasun intelektualdun pertsonentzat eguneko lau zentrorekin (bi Iruñean, bat Lizarran eta beste bat Tuteran) itunduak dituen 89 postuen multzokoak dira.
Ekitaldian zehar, Adriana Gonzálezek eta Ainhoa Trébolek gidalana egin dute Pilar Gogorcena eguneko zentroan ikustaldia egin duten parlamentarientzat. Zentroak bere izena desgaitasun intelektualen alorrean erreferentzia izandako psikologo bati zor dio.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.