Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Las Hayas Desgaitasunari Oinarrizko Arreta emateko Zentrora
Zentroak espazio handiak nahiz zuzkidurak ditu, eta hobekuntza batzuk egiteko eta langile gehiago kontratatzeko eskatu dute, erabiltzaileen eguneroko beharrizanak asetzeko
Eskubide Sozialetako Batzordea, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo Zurekin udal-taldeek hala eskatuta, bisitan joan da gaur Sarrigurengo Las Hayas Desgaitasunari Oinarrizko Arreta emateko Zentrora (CAIDIS).
Parlamentari hauek izan dira bisitan: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete honako hauek: Virgina Vera Las Hayas CAIDIS zentroko zuzendariak, Sonia Ibáñez Clarianeko —kudeaketako enpresa adjudikazioduneko— 5. taldeko iparraldeko lurralde-zuzendariak, Inés Francés Nafarroako Gobernuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak, Olga Sala Nafarroako Gobernuko Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzako kideak eta Miriam Zurbanok nahiz Erika Agorretak, zentroko lantalde teknikoaren ordezkaritzan. Bestalde, erabiltzaileen senideen eta tutoreen elkarteko Mari Carmen Villanueva eta Pilar Yoldi ere egon dira.
Aurrerapen moduan Virginia Verak adierazi duenez, bisitaren helburua izan da baliabide honetako instalazioak eta funtzionamendua in situ ezagutzea, non arlo guztietako langileak, guztira, 120 inguru baitira.
Ondoren, batzordekideek ibilbide gidatua egin dute askotariko aretoetatik, eta lantalde teknikoak azalpenak eman dizkie bitartean. Honako hauek bisitatu dituzte, besteak beste: eguneko zentroa, egoiliarrentzako sei unitate, non antzeko beharrizanak dituzten erabiltzaileak taldekatzen baitira, gimnasioa, bilera-gela, eta estimulazio sentsorialeko eta hidroterapiako gela.
Virginia Vera Las Hayas zentroko zuzendariak azaldu du nolakoa den artatzen dituzten pertsonen egunerokotasuna. “Desgaitasun-maila batzuek dakartzaten jokabide-arazoek familia-bizikidetza galarazten dute eta, hortaz, beharrezkoa izaten da zentroan sartzea. “Erabiltzaileek, profesionalek artatuta, eguneroko bizitzako askotariko zereginak egiten dituzte eta, horiez gain, erabiltzaileen gustuetara egokitutako aisialdi-jarduerak, beren mugen barruan ahalik eta bizitzarik normalizatuena izan dezaten”.
Mari Carmen Villanuevak eta Pilar Yoldik, senideak eta tutoreak ordezkatuz, aspalditik dituzten eskaeretako batzuk adierazi dituzte. Zentroko lantaldearen profesionaltasuna eta ardura nabarmendu badituzte ere, langile gehiago behar dituztela jakinarazi dute.
“Langilea/erabiltzailea ratio baxuaz gain, agresibitate egoerak daude, haien eginkizuna zailtzen dutenak. Horregatik, psikologia taldean ere errefortzuko langileak eduki nahiko genituzke. Horrexegatik, psikologoen eta laguntzaileen taldea izan nahiko genuke. Familiek administrazioari eskatu diote, ikuskatzaile gisa, hobekuntzak egin ditzan bere zerbitzupean dauden baliabide eta instalazioetan: mantentze-lan orokorrak egiteko, beroa kudeatzeko, ibilgailuak berritzeko eta matxurak arin konpontzeko, erabiltzaileen aisialdia mugatuta egon ez dadin. Bereziki garrantzitsua da elikagaien kalitate-estandarrak berreskuratzea; hortaz, berariazko nutrizio-batzordea eratuko da, jarraipena egin dezan”.
Bisita amaitu ostean, Parlamentuko ordezkariek eskertu egin dituzte azalpenak, eta informazioa bildu dute, egokitzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko, kasua bada.
Las Hayas zentroan eguneko arreta-zerbitzuaz gain ostatu-zerbitzua eskaintzen da, honako hauek barne: mantenua, arreta mediko-sanitarioa, arreta psikosoziala, gaitzeko nahiz errehabilitatzeko programak, egokitze pertsonal nahiz sozialerako programak, eta aisialdiko programak. Egoitza-arretarako hirurogei plaza eta eguneko zentrorako hamar plaza daude.
Zentro honetan edozein mailatako adimen-desgaitasuna duten pertsonei ematen zaie arreta eta tratamendu espezializatuak eskaintzen dira, erabiltzaileen baldintzen araberakoak, jokabide-konplexutasunari, desgaitasun anitzei eta etengabeko laguntza zabala edo orokorra jasotzeko beharrizanei erantzuteko.