Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Txiribuelta mikrokooperatibaren espaziora
Gizarte ekimeneko proiektu berri bat ezagutzera, desgaitasuna duten pertsonei akonpainamendua eta laguntza ematekoa, zentzumenen estimulaziorako teknika, printzipio eta programetan oinarrituta
Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur arratsaldean Txiribueltaren lokal berria bisitatu du Burlatan. Gizarte ekimeneko mikrokooperatiba hori, 2019an eratu zenetik, desgaitasuna duten pertsonei akonpainamendua eta laguntza ematen aritzen da, batez ere laguntza premia konplexuak dituztenei, baita haien senitartekoei ere.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal dugu foru parlamentarien elkartea).
Parlamentuko ordezkari taldeari harrera egin diote Marrubi Rodríguez Txiribueltako koordinatzaileak, Itxaso Terrón hezitzaileak, eta Tiara Calahorrano eta Garazi Itoiz programa-arduradunak.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek eskatu dute bisita egiteko, “Txiribuelta kooperatibaren proiektua bertatik bertara ezagutu” nahian. Irailaz geroztik Burlatan kokatuta dago, Nafarroako Fundazioak lagatako lokal batean. Bertan lanean ari dira adimen-erasan larria duten pertsonen ongizatea eta ikaskuntza eragiten, Snoezelen kontzeptuan oinarritutako ikuspuntu sentsorial batetik.
Ondoren bilera egin dute eta zentroko koordinatzaile Marrubi Rodríguezek azaldu du zer aukera ematen dituen espazioak eta nola egokitzen den estimulazio-jardueraren eskakizunetara, lau programa oinarri hartuta: Sentsorialitatea, topaketa eta erregulazioa; Sustapena eta autonomia; Familia orientazioa eta laguntza; eta Prestakuntza.
Zentzumenen ikuspuntutik lan egiten dugu, batez ere sentipenak eta emozioak baliatzen ditugu, uste dugulako, ezagutzatik harago, bizipenetatik ere ikasten ahal dela. Desgaitasuna duten pertsonek, areago mendekotasun handia dutenek (Nafarroan 1.700 inguru dira) gauzak bizi beharra dute barneratu ahal izateko. Sentsorialitatea erdigunean jartzen dugu eta, material berezi batez baliaturik, indartu egiten dugu”, azaldu du Rodríguezek.
Hori dela eta, Txiribueltako koordinatzaileak adierazi du lan egiteko modu hori (Snoezelen delakoa) Europako iparraldeko herrialdeetatik etorri dela eta 70eko hamarkadan sortu zela, Holandan. “Hobetuz joan da azken hamarkadetan neurozientzia garatu ahala. Baditu aplikazioak aisialdian, terapian eta hezkuntzan, eta, zentzumenezko esperientzia askotarikoak eskaintzeaz gain, erraztu egiten ditu komunikazioa eta portaera egokituen agerpena”.
Amaitzeko, hau esan du Marrubi Rodríguezek: “Gure zentzumen-organoei lotutako printzipio eta jarduera horien pean, esku-hartze osoa egiten dugu ongizatea eragiteko estimulazioaren bidez, edo, helburuen arabera —banakakoak edo taldekoak—, erlaxazioaren bidez. Harreman sinplea da, giro kontrolatuan. Lehendik bagenuen esperientzia, 2014tik aurrera lanean aritu baikara eskola eta zentro berezietan”.
Jarraian, zentzumen-estimulaziorako egokitutako gelak ikusi ondoren, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal dugu taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, hala badagokio bidezkoak diren ekimenak abian jartzeko.