Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Martxoak 13

Eskubide Sozialetako Batzordeak bisita egin dio Iturrondo Enplegu Agentzia Integralari

Instalazio berrietan politika aktibo eta pasibo guztiak eskaintzen dira, lan esparruan autonomia eta alfabetatze digitala sustatzeko baliabide berri bat ere barne

Eskubide Sozialetako Batzordeak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeen eskariz, gaur bisita egin dio Iturrondo Enplegu Agentzia Integralari. Horren zerbitzuen hartzaileak pertsona langabeak, landunak edo enpresak izan daitezke, eta politika aktibo eta pasibo guztiak eskaintzen ditu, lana bilatzeko prozesuetan autonomia eta alfabetatze digitala sustatzeko baliabide berri bat ere barne dela.

 

Parlamentari hauek joan dira: Luis Zarraluqui (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Enplegu Agentzia Integraleko zuzendari Lourdes Alforjak egin die harrera Parlamentuko ordezkariei.

 

Bisitaren xedea, sarrerako hitzetan azaldu denez, Agentziaren “instalazio berriak ezagutzea” izan da, Iruñean eta Iruñerrian egindako berrantolaketaren barnean obrak egin eta gero. Obra horiek lan-jardueraren arloko laguntza integralerako zerbitzu bihurtu dute Iturrondo. Obrak 2017ko azaroan hasi ziren, eta 2.840.000 euroko inbertsioa jaso dute. Diru kopuru horretatik 1,26 milioi Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) jarri ditu.

 

Ondoren bilera egin da, eta zaharberritze lanen nondik norakoak azaldu ditu Lourdes Alforjak. Eraikina 1974koa da, eta bertan egindako obrak amaitzean (2.822 metro karratu, sotoan eta eskuineko hegaleko hiru solairutan banatuta) erabat berrantolatuta gelditu da Iruñerriko enplegu bulegoen sarea.

 

Alforjak azpimarratu du agentzia hori dela Estatuan zerbitzu guztiak eraikin berean eskaintzen dituen lehena, eta Lan Gunea izeneko baliabide berria gehitu dela nabarmendu du. Bertan, NL-NEZeko teknikariek laguntza eskaintzen diete langabeei, haien autonomia eta alfabetatze digitala sustatzeko.

 

Zerbitzuen banaketari dagokionez, SEPEk prestazioak eta sorospenak izapidetzen ditu beheko solairuan, eta higiezineko gainerako lekuetan Nafarroako Gobernuko zerbitzuak daude: prestakuntzarako eta gaitasunak egiaztatzeko zerbitzuak, lanerako aktibaziokoak, trebetasun profesionalak lantzekoak, orientazio espezializatua ematekoak, edo enpresen eta ekintzailetzaren agentziak. Zehazki, Iturrondok 9.100 langabe dauzka esleituta lanerako aktibazioko izapideak egiteko.

 

Instalazioak ikusi eta lanaren arloko jarduketen berri jaso ondoren, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-E taldeen eledunek azalpenak eskertu dituzte, eta Iturrondon egindako zaharberritze obren emaitzak ongi iruditzen zaizkiela adierazi dute.