Eskubide Sozialetako Batzordeak bisita egin du Lizarrako Tailer Eskolara
Taldeek ikusi dituzte Udalak 2015ean inauguratu zuen prestakuntza zentroko instalazioak eta ekipamenduak
Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur Lizarrako Tailer Eskolako instalazioak bisitatu ditu, Navarra Suma talde parlamentarioak eskatuta. Udalaren prestakuntza zentro hori 2015ean inauguratu zen.
Parlamentari hauek bertaratu dira: Maribel García Malo, Ángel Ansa, Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).
Legebiltzarraren ordezkariei harrera egin diete Sira Cobelas zentroko zuzendariak, Gonzalo Fuentes Lizarrako alkateak eta Santos Mauleón eta Magdalena Hernández zinegotziek.
Bisitaren bitartez parlamentariek ezagutu nahi izan dituzte “zentroko instalazioak eta bertan eskaintzen diren prestakuntza eta enplegu programa integratuak”, Maribel García Malok sarrerako hitzetan adierazi duenez.
Gero parlamentariek ibilbide gidatua egin dute eskolan zehar, eta, zuzendariak lagundurik, tailerrak eta prestakuntza-ikastaroak egiteko hornituta dauden toki guztiak ikusi ahal izan dituzte.
Hala, Eskubide Sozialetako Batzordeko kideak ikasgeletara sartu dira, mekanika eta pintura tailerrak ikusi dituzte, bai eta ibilgailuen mantentze lanetakoa ere, eta Ostalaritzako Prestakuntza eta Enplegu Programa Integratua emateko erabiltzen diren instalazioak bisitatu dituzte.
Segidan, Udalaren prestakuntza zentroak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman du Sira Cobelasek. Gaur egun ostalaritzako PEPI bat dute, bertan 15 lagun ari dira ikasten, eta 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratu ahal izanen dute. Gainera, Mendekotasuna duten Pertsonak Artatzeko PEPI bat garatzen ari dira, 2. mailakoa, Gurutze Gorriarekin lankidetzan, eta Mekanikako beste bat, Nafarroako Tailerren eta Ibilgailu Konpontzaileen Elkartearekin lankidetzan.
Eskolak 30 urteko ibilbidea egin du, eta izan duen arrakastaren gakoa, Cobelasek azaldu duenez, “gure inguruko enpresen beharretara egokitzean datza, enpresen eskariarekin zerikusia duten prestakuntza-espezialitateak eskaintzen baititugu”. Horregatik, “zentroak jarraitzen du egiaztapen gehiago eskuratzen; enpresek hala eskatuta, hain zuzen ere, abereak hil eta zatikatzeko prestakuntza (abere-hiltzailearena) emateko eta igeltserotzako hiru ziurtagiritarako egiaztapena lortu dugu”, erantsi du.
Gonzalo Fuentes alkateak adierazi duenez, Udalarentzat lehentasunezko interesa du tailer-eskolak, “hezkuntza maila ezberdinetako pertsonen arteko aukera-berdintasuna handitzen duen programa delako”.
Bisita bukatutakoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.