Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Martxoak 24

Eskubide Sozialetako Batzordeak desgaitasun intelektuala duten eta laguntza-premia handiak dauzkaten pertsonen etxebizitza bisitatu du Tuteran

“La Mejana” izenaz ezaguna, itundutako bost plaza eskaintzen ditu, baita atsedenerako plaza bat ere, aldi baterako sartzeko beharrei erantzuteko

Eskubide Sozialetako Batzordeak desgaitasun intelektuala duten eta laguntza-premia handiak dituzten pertsonentzako etxebizitza bisitatu du gaur Tuteran, “La Mejana” izenaz ezaguna. Etxebizitza horretan, 2021eko azarotik, adimen-desgaitasuna duten 24 eta 36 urte bitarteko bost pertsona bizi dira.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Angel Ansa (Navarra Suma), Arantza Biurrun (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Arantxa Izurdiaga (EH Bildu).

 

Etxebizitza kudeatzen duen La Atalaya zentroko zuzendariak, Ana Sánchezek, egin dio harrera Parlamentuko ordezkaritzari.

 

Desgaitasun intelektuala eta laguntza-premia handiak dituzten pertsonentzako Nafarroako lehen etxebizitza da, eta plazak Eskubide Sozialetako Departamentuarekin itundu dira.

 

Sanchezek azaldu duenez, bertan bizi diren pertsonek “mendetasun-maila handia” dute, eta orain arte, tradizionalki eta dituzten laguntza-beharrengatik, egoitza-zentro batean sartu behar izan dute. Orain, etxebizitzan, “bizitza autonomoagoa daramate, eta beren ohiko ingurunetik kanpoko pertsona-talde batekin modu egonkor eta luzean bizitzeko aukera ematen die, beren independentzia, integrazioa eta autokonfiantza indartuz”.

 

La Atalaya zentroak kudeatutako etxebizitzan 5 mutil bizi dira, Erriberako hainbat tokitatik etorriak. Aurretik, horietako lau familiaren etxeetan bizi ziren, egoitza batean lekua aurkitzeko zain, eta bosgarrena laguntza-zentro batean zegoen. Era berean, etxebizitzak atseden hartzeko plaza bat ere badu, beste pertsona batzuek egoera jakin batzuetan eska ditzaketen aldi baterako erresidentzia beharrei erantzuteko.

 

Instalazioak erabat birgaitu ziren, lehen bulegoak baitziren, eta bertan bizi diren pertsonek beren logeletako eta espazio komunetako dekorazioa eta ekipamendua aukeratzen parte hartu zuten. Bertan, bizikidetzak dakartzan eguneroko zereginak beren gain hartzen dituzte, ahal duten neurrian, eta, horretarako, zaintzaileen laguntza dute 24 orduz.

 

Gainera, La Mejanako maizterrak La Atalaya eguneko zentrora joaten dira, eta arratsaldeetan eta asteburuetan jarduerak egiten dituzte komunitatean, beren lehentasunen eta beharren arabera.

 

Azalpenak eskertu ondoren, legebiltzarkideek bisita gidatua egin dute etxebizitzan, Ana Sanchez eta Alejo egoiliarraren eskutik.