Eskubide Sozialetako Departamentuaren barruko fundazio publikoa sortzeko hiru hilabeteko moratoria bat ezar zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da
Sektorean adituak direnek eta gizarte entitateek sortutako lan talde batean oinarrituz, gizarte zerbitzu desberdinen kudeaketarako formula egokiena adostea zuen helburu
Eskubide Sozialetako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PSNren aldeko botoekin (PPN ez da egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “hiru hilabeteko moratoria bat ezar zezan Eskubide Sozialetako Departamentuaren barruko fundazio publikoa sortzeko”.
Atzera botatako mozioak bigarren atalean zehazten zuenez “bitarte horretan, lantalde bat eratuko zen sektoreko gizarte entitateekin eta adituekin, gizarte zerbitzu publikoetarako kudeaketa-formularik hoberena adosteko honako irizpide hauek oinarri: kalitatea, efizientzia, eraginkortasuna eta langileen lan baldintzen hobekuntza”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak estrategia europar desberdinak aipatzen zituen, tartean Nafarroako Estrategia Adimentsua, azpimarratzeko berrikuntza eta ekintzailetza soziala bultzatzeko, beharrezkoa dela “sektore publikoa inplikatzeaz gain gizarte osoa eta, bereziki, hirugarren sektorea ere, inplikatzea”.
Ildo horretan eta “toki garapenarekiko, gizarte bazterketan gelditzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzearekiko eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzearekiko konpromisoa erakusten dutelako”, proposatzen zen “aukera bat dela irabazi-asmorik gabeko entitateentzat erreserbatzea pertsonei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak, interes orokorrekoak”.
Itun Sozialak arautzen dituen 13/2017 Foru Legea aipatzen zuen mozioak, aintzatetsi egin nahi baitu gizarte ekimeneko entitateek gizarte zerbitzuen sistemari nahiz osasun sistemari egiten dieten ekarpen erraldoia, eta Administrazio publikoaren eta gizarte zibilaren arteko elkarlanerako aukera berriak ireki nahi dira etorkizunerako.
Bakartxo Ruiz (EH Bildu) batzordeburu izan da eta bertaratu diren parlamentariak izan dira Maribel García Malo, Óscar Arizcuren, Luis Zarraluqui, Ana San Martín (UPN), Isabel Aranburu, Patxi Leuza, Virginia Alemán (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Nuria Medina, Conchi Ruiz (PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).¡
-
Mozioa (88. NPAO, 2018-06-21ekoa)