Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urtarrilak 31

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federaziora

Federazioaren proiektuak eta eskakizunak ezagutzera eta La casa de tus sueños erakusketa ikustera. Erakusketa honen xedea da haur eta gazte ijitoen egoera ikusaraztea eta haien garapena ahalbidetzea

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak Gaz Kalo Federazioaren egoitza bisitatu du gaur. Federazio horrek Nafarroako ijitoen elkarteak koordinatzea, haien osagarri izatea eta haiei zerbitzuak ematea du helburu, gizarteko sektore desberdinekiko elkarrizketa ahalbidetuz, Nafarroako ijitoen komunitatearen tratu berdintasuna, sustapen soziala, kultur nortasuna eta irudia sustatzeko.

 

Honako parlamentari hauek joan dira: Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Javier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei: Ricardo Hernández, Gaz Kaloren koordinatzailea, Ana Sainz, Bea Segurola eta Marta Rodríguez, eskualdeko teknikariak, Toñín Hernández, Federazioko batzarkidea, Flor Hernández, osasun arloko sustatzailea, María Borja, La casa de tus sueños proiektuaren dinamizatzailea eta Marta Lajos, Fundazioaren arduradun ekonomikoa.

 

Topaketan, Ricardo Hernándezek eta Gaz Kaloren taldeko langileek federazioak egiten duen lanaren berri eman dute. Federazioa Nafarroako eskualde guztietan dauden 13 elkarte federatuk osatzen dute, eta abenduan 25 urte beteko ditu. Parlamentuko ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute diziplinarteko talde honek gizarte-inklusioa eta ijitoek gizartean parte har dezaten egiten duen lana.

 

Ijitoei buruzko diagnosiaren arabera, gaur egun 8.000 ijito daude Nafarroan. Federazioko koordinatzailearen hitzetan, arbuio eta bazterkeria handiena pairatzen duten herritarrak dira eta datuak kezkagarriak dira hezkuntzari dagokionez; izan ere, ijito adingabeen ia % 80k ez du bigarren hezkuntza amaitzen, eta hauxe da “desberdinkeriaren eta aukera-faltaren arrakalaren hasiera.”

 

Horrekin lotuta, Federazioak zenbait proiektu eta programa garatzen ditu, hala nola Caparroson hasi berri duena, ikasketei berrekin nahi dieten pertsona helduei laguntza eta akonpainamendua ematekoa. Xedea da bigarren aukera bat ematea, lehena ez bada, orain arte euren etorkizunaren gainean erabaki ezin izan duten pertsonei.

 

Horregatik, Gaz Kalon orain arteko lanarekin jarraitu nahi dute, Federazioa Nafarroako toki askotan egoteak eta ehun sozial komunitarioarekin duen harremanak ahalbidetzen diotelako eginkizun garrantzitsua betetzea bitartekaritza komunitarioan.

 

Jarraian, parlamentariek ezagutu ahal izan dute, María Borja dinamizatzailearen eskutik, La casa de tus sueños erakusketa, “Nafarroako haur eta nerabe ijitoen garapen eta ahalduntzerako gune bat”.

 

La casa de tus sueños erakusketak etxe ijito bateko haur eta nerabeen gela bat irudikatzen du, “Iruñeko eta Nafarroako edozein auzotan egon daitekeen etxe bat.” Erakusketan gure elkarteekin lotutako 23 haur ijito nafarren ametsak jasotzen dira. Erakusketaren oinarria ikerketa-ekintza parte-hartzailearen metodologia da, gizarte entitateak eraldaketa eta ahalduntzerako eszenatoki bihurtzen dituena. Azken finean, helburua da haurrek beraien ametsak eta haiek eskuratzeko bideak identifikatzea.

 

Era horretan, gehitzen du Borjak, “erantzuna ematen zaio ijitoen erkidegoak konpontzeke duen erronka bati, hau da, bere etorkizun aukerak zabalduko dituzten bizitza proiektuak sortzea, eta aldi berean ongizate maila hobeak ekarrita, besteak beste maila ezberdineko sareak sortuz eta babes sozial eta politikoa eskuratuz. Halatan, hau eta nerabe ijitoen ahotsak ikusaraztea tresna bat bilakatzen da desberdinkeriei, gizarte bazterketari eta ijitoen aurkako jarrerei aurre egiteko”.

 

Gaz Kaloren helburua da La casa de tus sueños baliagarria izatea haur eta nerabe ijitoen egoera ikusarazteko eta haien garapena, ahalduntzea eta arrakasta soziala eta eskolakoa sustatzeko. Beraz, maiatzetik aurrera izaera ibiltaria emanen diote, lurralde osoan zehar ibil dadin.