Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Abenduak 13

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak Tasubinsaren Enplegu Zentro Berezia bisitatu du San Adriánen

Zentroak gaur egun dituen irisgarritasun arazoak konpontzeko eraberritze proiektua ezagutzeko izan da bisit

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak bisita egin du Tasubinsaren Enplegu Zentro Berezira, San Adriánen. Baliabide soziala eta lan baliabidea da, desgaitasunen bat duten eta okupazioaren zein enpleguaren esparruetan laguntza behar duten pertsonei laguntzeko.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote honako hauek: Roberto Pérez Jordán, Tasubinsako presidentea; Pachi Pérez, Tasubinsako zuzendari industriala; Javier Lagunas, zuzendari kudeatzailea; Miryam Olloqui, San Adriáneko Enplegu Zentro Bereziko arduraduna; Ana San Martín, Arlo Sozialeko zuzendaria eta Marta Ezquerra, San Adriáneko alkatea.

 

Bisita egin dute zentroko instalazioen irisgarritasun arazoak egiaztatzeko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko egokitze proiektuaren berri izateko.

 

Zentroaren premia nagusia, adierazi dutenez, funtsean, irisgarritasuna da. Gaur egun, zentroak bi solairu eta zenbait oztopo arkitektoniko ditu, eta mugikortasun urriko pertsonentzat ezinezkoa da baliabide horretara jotzea, nola Enplegu Zentro Berezian hala Zentro Okupazionalean.

 

Ildo horretatik, egin nahi duten obrak zentroko sarrera egokituko du, bai eta komunak eta aldagelak ere, eta, horrez gain, igogailu bat instalatzeko asmoa dute lehenengo solairura igo ahal izateko; izan ere, bertan dira jangela, jardueretarako aretoak eta garapen psikologikoko eta sozialeko taldeen bulegoak.

 

Bileraren ostean, arduradunek San Adriáneko zentroaren instalazioak erakutsi dizkiete parlamentuaren ordezkariei. 86 pertsona daude zentroan; 42 Zentro Okupazionaleko erabiltzaileak dira, eta gainerako 44 pertsonak Enplegu Zentro Bereziko langileak.

 

Zentro Okupazionalaren 42 erabiltzaileek desgaitasun intelektualen bat edo garapen desgaitasunen bat dute, eta enplegatuta dauden 44 pertsonen artean, 38k desgaitasuna dute (27k desgaitasun intelektuala edo garapenekoa eta hamaikak bestelako desgaitasunen bat). Hori horrela, San Adriáneko zentroko pertsonen % 93k desgaitasunen bat du, eta % 86k desgaitasun larriren bat eta laneratzeko zailtasun nabarmenak.

 

Bisita bukatutakoan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta Vox talde parlamentarioetako bozeramaileek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.