Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 14

Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Prozeduraren izaera administratiboa azpimarratzen da Konstituzio Auzitegiaren eragozpenak saihesteko, 2015eko legea deuseztatu baitzuen, jurisdikzio penalaren eginkizunak hartzen ari zirela iritzita

1950eko urtarrilaren 1etik aurrera eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Lege proposamena onetsi du gaur Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak. Alde bozkatu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek, PSN abstenitu egin da eta aurka bozkatu dute UPN eta PPNk.

 

Testu horrek 2015eko martxoaren 15ean (VIII. Legegintzaldiko azken aurreko Osoko Bilkuran) onetsi zen apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea ordezten du. Konstituzio Auzitegiak lege horren zati handi bat deuseztatu zuen 2018an, jurisdikzio penalari dagozkion eginkizunetan esku hartzen ari zela iritzita. Izquierda-Ezkerrak sustatu zuen eta Nafarroako Sozialisten, Bilduren eta Aralar-Nabairen babesa izan zuen. UPN eta PPNk aurka bozkatu zuten.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek bultzatutako lege proposamenaren xedea da eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeriazko jardunak eragindako biktimen errekonozimendua eta erreparazioa sustatzea, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko 9/2010 Foru Legean ezartzen denarekin parekatu ahal daitezen, kaltetu gisa hartuak izateari dagokionez.

 

Horretarako, “motibazio politikoko indarkeriaren” ingurune horretan egindako “giza eskubideen urraketak” gogoan, prozedura administratibo bat ezartzen da, zeinaren bidez, abstentzioaren, konkurrentziaren eta pronuntziamendu judizialekiko loturaren betebeharraren kalterik gabe, biktima horien lege-babesik eza zuzendu nahi baita.

 

Zigor-xederik gabe, legearen bidez osatu egin nahi da arloko araudi indarduna, hartara, izaera politiko nafarra izanda, beste betekizunik gabe, bermatuta egon dadin Foru Komunitatean nahiz kanpoan jasandako urraketen ordaina —maila administratiboan—, baldin eta Estatuko edo beste autonomia erkidego bateko erakundeek kalte berberengatik ez badute‑ ordainik eman.

 

Ildo horretan, biktima gisa errekonozimendua emateko eta antzeko ekintzek kaltetutako gainerakoen eskubideekiko homologazioa egiteko, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea sortzen da. Gaitasun egiaztatua duten bederatzi kide izanen ditu, eta egitateen ezagutzaren, dokumentazioaren eta zehaztapenaren inguruan konfiguratutako egiarako eskubidearen babesean bideratutako espedienteak ebatziko ditu urtebeteko epean.

 

Batzordeko bederatzi kideetatik zazpi Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatuko ditu, talde parlamentarioek, parlamentari elkarteek edo giza eskubideen nahiz memoriaren arloan diharduten gizarte-erakundeek proposatuta, sei urterako, eta beharrezkoa izanen da gehiengo osoa. Sortzetiko kideak izanen dira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Nafarroako Memoriaren Institutuko burua.

 

Eskaera bakoitzeko txosten bat eginen da eta urtebeteko epean helarazi beharko zaio bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko arduradunari; horrek beste hiru hilabete izanen ditu ebazpena emateko. Biktima deklaratzeak berekin ekarriko du, osasun laguntzaz gainera, kalte “fisiko edo/eta psikologikoengatiko eta kalte materialengatiko” kalte-ordain ekonomikoak aitortzea. Errekurtsoak aurkezteko aukera aurreikusten da.

 

Batzordearen helburuak betetzearekin zerikusia duten pertsona eta entitate publiko nahiz pribatu guztiek zehazten den moduan laguntzeko betebeharra izanen dute. Urtero, Batzordearen emaitzak oroitidazki batean jasoko dira, eta dokumentu hori Parlamentuan aurkeztu, argitara eman da eta herritarren artean zabalduko da.

 

Urteroko oroitidazki horiek eta garatuak izan ditzakeen lan osagarriak oinarri hartuta, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak, eratu eta gehienez ere lau urteko epean, bi txosten eginen ditu. Lehenbizikoan 1951tik 1978ko abenduaren 28ra bitarteko epeari buruzko jarduketak azalduko ditu, eta bigarrenean, azken egun horretatik gaur egundainoko epeari buruzkoak. Lan horiek ere Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dira.

 

Halaber, Nafarroako Gobernuari agintzen zaio Batzordea finantza dezala, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan berariazko partida bat ezarriz. Eta dokumentazio, ikerketa eta koordinazio lanak eta gainerakoak egiteko behar dituen giza baliabideez eta baliabide materialez horni dezala.

 

Ekintzak aurreikusten dira, era berean, heziketaren arloan (ziklo, ikastaro, mintegi eta biltzarrak) eta erakundeen arloan, azken kasu horretan, frogatutako egitateen “errekonozimendu publiko” gisara. Errekonozimendu horrek bateragarria izan beharko du biktimak bere intimitatea gordetzeko daukan eskubidearekin, berariaz hala eskatu duenean.