Espainia herritar askeen eta eskubide nahiz betebehar berberak dituztenen nazio bat dela aitortzeko mozioa ezetsi da
Eledunen Batzarrak irailean atzera botatako adierazpen instituzionalaren erreplika den testuak, gutxiengo populista eta separatista batek proposatzen duen bizikidetzaren porrot arriskuaz ohartarazten du
Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Parlamentua premiatzen baitzen “Espainia herritar askeen eta eskubide nahiz betebehar berberak dituztenen nazio bat dela” aitor zezan.
Atzera bota duten mozioak bigarren atalean Ganberari eskatzen zion “berdintasuna hautsi edo Espainiaren zati bateko herritar edo lurraldeei pribilegioak aitortzen dizkien eta Espainiako Konstituzioak ezarritakoaren aurka doan proiektu oro” arbuia zezan.
Bestalde, proposatzen zen “akordio nazional zabal bat, esku artean ditugun erronka nagusiei aurre eginen diena: erakundeen eraberritzea, gizarte ongizatea, gure ekonomiaren oinarriak, familien aldeko itun bat, uraren aldeko itun bat eta lurralde-itun bat”. UPNk atal honetan abstentzioa bozkatu du eta Voxek aurkako botoa eman du.
Era berean, Gobernua premiatzen zen “finantzaketa autonomikorako eredu bat proposa dezan, berdintasun eta elkartasun printzipioak bermatuko dituena eta guztion arteko adostasunaren fruitu izanen dena, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak xedatutakoa, zeinak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen baititu; besteak beste, Nafarroaren eta Estatuaren arteko tributu-harremanak Hitzarmen Ekonomikoaren bidez ezartzekoa, eta Euskadiren eta Estatuaren artekoak Ekonomia Itunaren bidez”.
Halaber, Exekutiboari eskatzen zitzaion “Udal, Diputazio eta Kabildoak finantzatzeko esparru bat berma dezala, nahikotasun, elkartasun eta ekitatean oinarritua, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak xedatutakoa, zeinak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen baititu; besteak beste, Nafarroaren eta Estatuaren arteko tributu-harremanak Hitzarmen Ekonomikoaren bidez ezartzekoa, eta Euskadiren eta Estatuaren artekoak Ekonomia Itunaren bidez”. Atal hau eta aurrekoa UPNk aurkeztu duen eta PPNk, ekimenaren titularrak onartu duen ordezteko in voce zuzenketa baten emaitza dira.
Azkenik, proposatzen zen “erabakiok honako hauei helaraztea: Gobernuko lehendakariari, lehen lehendakariorde eta gai Ekonomikoetako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioari, bigarren lehendakariorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioari, Lurralde Politikako Ministerioari eta Kongresuko eta Senatuko eledun parlamentarioei”.
Ez da onartu Voxek aurkeztutako aldatzeko-zuzenketa bat, helburu zuena "errefusatzea finantzaketa eskuratzeari buruz gaur egun Espainiako lurralde desberdinen artean dauden pribilegioak nahiz ezarri nahi izan daitezkeenak”.
Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatu duen mozioak berdintasun- eta elkartasun-printzipio konstituzionalak aipatzen ditu, autogobernuaren interpretazio asimetrikoak ekarriko lukeen bizikidetzaren porrot-arriskuaz ohartarazteko. Bere ustez, proiektu politiko batzuetan asmo hori ikusten da, horrek dakartzan lurralde-tentsioekin.
Testuinguru horretan, proposamena egin duenak bi alderdi nagusiei dei egiten die autonomia-erkidegoen artean zatiketa sortzen duten gaiei "erabakitasunez aurre egiteko", Konstituzioan aurreikusitakoa osatuko duen lurralde-itun berri batetik abiatuta, "ongizate-estatua sendotzeko, erakundeen berroneratzea lortzeko eta gutxiengo populista eta separatista batek planteatzen duen erronka historikoari amaiera emateko, egungo egoera parlamentarioaren ondorioz eragina izan dezakeelako".
Baztertutako mozioa Eledunen Batzarrak irailaren 18ko bilkuran baztertu zuen adierazpen instituzionalaren proposamenaren erreplika da.
Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Raquel Garbayo, Leticia San Martín, Cristina López (UPN), Ainhoa Unzu, Kevin Lucero, (PSN), Adolfo Araiz, Irati Jiménez (EH Bildu), Blanca Regúlez, Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).