Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Urriak 16

Espainiako Gobernua premiatzen da Atzerritarren Nafarroako Bulegoak ematen duen zerbitzua indartu eta hobetu dezan

Konponbidea eman nahi zaio giza baliabide eskasiari, maiatzeko Atzerritarrei buruzko Erregelamenduaren erreformaren ondorioz izapide batzuk konplexuagoak direlako

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen, PPNren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta Talde Mistoaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Atzerritarren Bulegoko langile-kopurua berehala, modu kualifikatu eta egonkorrean indartu dezan, dauden plaza guztiak bete arte”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako eta Nafarroako Gobernuak premiatzen ditu “jazar dakien eta amaiaraz ditzaten izapideak egiteko hitzorduak saltzeko migratzaileen kalteberatasunaz eta beharraz baliatzen diren mafiak”. PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin abstenitu egin dira atal honetan, eta gainerako taldeek botoa mantendu dute.

 

Jatorrizko testuak hirugarren atal bat zuen, ezetsi egin dena UPN, PPN eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta PSNren, EH Bilduren, Contigo-Zurekinen eta Talde Mistoaren aurkako botoekin. Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion “Atzerritarrei buruzko Erregelamendua alda dezan, ematen ari diren interpretazio eta jarraibide desberdinak direla-eta haren aplikazioaren ondorioz sortzen ari diren arazoak konpontzeko”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak adierazten du Nafarroara iristen diren atzerritarren kopurua "nabarmen" handitu dela, eta langileek salatu duten bezala, Atzerritartasun Bulegoak giza baliabide eskasak dituela. Horri gehitu behar zaio ezen joan den maiatzaren 20an indarrean jarri zen Atzerritarrei buruzko Erregelamenduan sartutako aldaketak are gehiago handitzen ari direla bulegoen jarduera-bolumena eta izapide asko ebazteko konplexutasuna, eta horrek, aldi berean, itxaronaldiak areagotzen ditu, berez luzeak baitira.

 

Testuinguru horretan, premiazkotzat jotzen da Bulegoa indartzea, besteak beste, eskaeren ebazpena arintzeko. Izan ere, lan-baimenen eskaerei dagokienez, dokumentazioa aztertzeko eta erantzuna emateko gehieneko epea hiru hilabetekoa bada ere, epe hori gainditu egiten da, eta horrek kalte handia egiten die eskatzaileei, bai eta enpresek enplegu jakin batzuk arin bete ahal izateari ere.