Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 28

Espainiako Gobernua premiatzen da aukera-berdintasuneko agentearen figuraren ziurtagiri profesionala onets dezan

Profesional horiek eskuratutako esperientzia eta prestakuntza homologatzeko prozesu bat planteatzen da, funtsezkoak baitira genero-politika publikoen diseinu, garapen eta ebaluazioan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez zeinaren bidez  Espainiako Gobernua premiatzen baita “aukera-berdintasuneko agentearen figuraren ziurtagiri profesionala onets dezan, errege dekretu bat prestatu eta argitaratuz”.

 

Zehazten denez, dekretuak jaso beharko ditu “ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak jasotzen dituen parametroak”.

 

Era berean, prozesu bat ezarri beharko du “jarduna aukera berdintasunaren esparruan betetzen ari diren profesionalek bildutako esperientzia eta lortutako prestakuntza homologatzeko, Europako Goi Mailako Esparruan unibertsitateko irakaskuntzen egitura hori onetsi baino lehen”.

 

Bestalde, dekretuak “ikasketa planek gainditu beharreko jarraibideak, baldintzak eta egiaztatzeko eta akreditatzeko prozedura” ezarri beharko du, “aukera-berdintasuneko agenteen gaitasun profesionala ziurtatzen duten tituluak lortzeari begira”.

 

Azkenik, “ebaluaziorako prozeduraren ibilbiderako proposamen bat” egin beharko du, “emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuneko agenteen prestakuntza egiaztatzeko, master mailako graduondoko programaren bidez: Unibertsitateko master ofiziala, politika publikoetara bideratua, ikasi beharreko gaietako hamar modulurekin, zeinak irakatsiko baitira irakaskuntza presentzialean, erdipresentzialean edo online, eta lan bat idaztea ere sartuta”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “berdintasunaren lurralde arteko batzordean lan egin dezan, aipatu arauketa lehenbailehen izateko”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua eta beste administrazio publiko batzuk premiatzen ditu “lantaldeak susta ditzaten, aukera-berdintasuneko agenteak eta berdintasun-sustatzaileak edukiko dituztenak (profil ezberdin baina osagarriak dira), berdintasunerako politika publiko efiziente eta kalitatezkoen taxuketa eta gauzatzea bermatzeko”.

 

Azkenik, Hezkuntza Departamentua eta INAI-NABI premiatzen dira “alda dezaten 1 B) Eranskina-Produkzio Sistema, apirilaren 3ko 45/2019 Foru Dekretuan, zeinak ezartzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean Genero Berdintasuna Sustatzeko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma, behar bezala definitzearren, halatan, lanbide-profil bakoitzaren trebetasunak. Izan ere, aipatu apartatuan berdintasun-planen taxutze, gauzatze eta ebaluatzearekin loturik jasotzen diren eginkizunak sustatzaileei esleitzen zaizkie, berdintasun-agenteen eskumenekoak izan arren.”.

 

Berdintasun-sustatzailearen postuak beste eginkizun batzuk ditu, berdintasun-agenteek dituztenen osagarri direnak, eta zerikusia dutenak gizarte osoan emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko informazioa, sentsibilizazioa eta sustapena lortzearekin.

 

Hirugarren eta laugarren atalak Podemos-Ahal Duguren gehitzeko in voce zuzenketa baten bidez gehitu dira, PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak, ekimenaren titularren onartu baitute.

 

Zioen azalpenean, PSNk, Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak bere egiten ditu Berdintasuneko profesionalen elkarteen eskariak, eduki eta profilen desberdintasuna dela eta, prestakuntza espezializatua egiaztatzen duen ziurtagiri profesional bat definitzera premiatzeko. Berdintasun-agenteak “ezinbestekoak” dira genero-politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, “baita eremu pribatuan eta sozialean ere”.

 

Horretarako, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-politikei eraginkortasuna eta efizientzia emate aldera, 3/2007 Lege Organikoa aipatzen da, parekotasun-printzipioa eta hori botere eta administrazio publikoen jarduera guztietan txertatzea arautzen duena, eta gogorarazten da unibertsitateak eta Europako proiektuak aspalditik ari direla figura profesional hori sustatzeko eta finkatzeko plataformak eratzen.