Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urriak 9

Espainiako Gobernua premiatzen da Barajasko aireportuan dauden ekintzaile sahararrei asiloa ukatu izana berrazter dezan

Marokora bidal ez ditzan eskatu du Ganberak, bai eta hartu beharreko neurri guztiak har ditzan Espainiako haien egonaldia gabe egiten dela bermatzeko ere

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, Voxen abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Barajasko aireportuan dauden ekintzaile sahararrei asiloa ukatu izana berrazter dezan, horien asilo-eskaria modu justu eta gardenean aztertzen dela bermatuta, nazioarteko zuzenbidearen arabera”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Gobernua premiatzen du “hartu beharreko neurriak har ditzan asiloa eskatu duten sahararren giza eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko; bereziki, jazarpen politikoa edota tortura alegatzen dutenenak”. Atal hau aho batez onetsi da.

 

Era berean, hirugarren atalean, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “neurri horiek hartzen diren bitartean, ez ditzan Marokora bidal, eta hartu beharreko neurri guztiak har ditzan Espainiako haien egonaldia osasungarritasunez, egoki eta tratu txarrik gabe egiten dela bermatzeko”.

 

Azkenik, eta mozioa aurkeztu duten taldeek aurkeztu duten gehitzeko in voce zuzenketa baten bidez, Nafarroako Parlamentuak “arbuiatu egiten ditu Espainiako Gobernuak iragan urriaren 3an, osteguna, eta 6an, igandea, eginiko saharar aktibisten deportazioak, eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioa eta Kanpo Arazoetako Ministerioa premiatzen ditu urgentziaz Espainiako lurraldera aberriratu ditzan jada Marokora deportaturiko aktibistak”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin TPek sustatu duten ebazpenak Espainiako Barne Ministerioak sarrera eta nazioarteko babes-eskaria ukatu ondoren 30 ekintzaile saharar inguruk Madril-Barajas aireportuan bizi duten egoeraren berri ematen du.

 

Iheslari politikoak direla diote iheslari hauek, eta jaioterrira itzuliz gero euren segurtasuna arriskuan dagoelako beldur dira. Hala, gose-greba hasi dute asteetan baldintza osasungaitzetan atxikirik egon direla salatzeko, eta eskatzeko haien babes eskariak banan-banan azter ditzatela, modu orokorrean errefusatu dituztela uste baitute.

 

Proposamena egin dutenen ustez Espainiak erantzukizun juridiko eta politikoak ditu “deskolonizazio-potentzia den aldetik”, eta ezin duela beste aldera begira jarraitu Sahara Mendebaldean giza eskubideak sistematikoki urratzen diren bitartean.

 

Carlos Mena (PSN TP) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Isabel Olave, Ana Elizalde, Yolanda Ibáñez (UPN TP), Ibai Crespo, Olga Chueca (PSN TP), Irati Jiménez, Javier Arza (EH Bildu TP), Isabel Aranburu, Itxaso Soto (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin TP) eta Maite Nosti (Vox FPE).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioaren argitalpena (111. NPAO, 2024-10-04koa)