Espainiako Gobernua premiatzen da bertan behera utz dezan Luz Verde alderdi kanabikoa legez kanpo uzteko ekimena
Ganberak bere babes guztia ematen die pluraltasun politikoari eta parte-hartze politikorako eskubide oinarrizkoarekiko konpromisoari
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “bere babes guztia ematen baitie pluraltasun politikoari eta parte-hartze politikorako eskubide oinarrizkoarekiko konpromisoari, eta Espainiako Gobernua premiatzen du bertan behera utz dezan Luz Verde alderdi kannabikoa legez kanpo uzteko ekimena”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkezturiko ebazpenak Auzitegi Nazionalak, Barne Ministerioak eskatuta, Luz Verde alderdi kannabikoa legez kanpo uzteko abiarazitako izapidea eten dadin eskatzen du.
Alderdi politiko horrek Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoaren lekua hartu zuen, 2023an ahalik eta hautesbarruti gehienetan aurkezteko, haiek ziotenez.
Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoak urteetan zehar sustatu du kannabisaren kontsumoa arautzea, autolaborantza eta kontsumo indibiduala nahiz kolektiboa baimentzea, administrazioaren tutoretzapeko merkatu bat arautzea eta klub eta elkarte kannabikoen jarduna legeztatzea, kontsumo arduratsua kontrolatzeko eta substantzia aizunduen trafikoa ekiditeko xedez. Hori dena, sustatzaileen hitzetan, “lege-hutsune batean da une honetan”.
Bilkura Virginia Magdalenok zuzendu du (PSN), eta bertan izan dira Elena Llorente, Ángel Ansa, Patxi Pérez, Carlos Pérez-Nievas, Maribel García-Malo, Alberto Bonilla, (G.P. Navarra Suma), Arantza Biurrun, Inma Jurío, (G.P. PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (G.P. Geroa Bai), Patricia Perales, Adolfo Araiz (G.P. EH Bildu), eta Marisa de Simón (I-E).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (18. NPAO, 2022-02-11koa)