Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Espainiako Gobernua premiatzen da deseskalatze-prozesuan mugaz gaindiko nafar espazioa kontuan har dezan, aktibazio ekonomikoaren kudeaketa errazteko

Nafarroako Gobernuari mugaz gaindiko lankidetzarako politika aktiboak bultza ditzan eskatzen zaio, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak nahiz garrantzi berezia dutenak barne hartuz

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “frantziar hiritarrei utz diezaien modu murriztu eta mugatuan sartzen mugaldeko merkataritza-establezimenduetara”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “mugaz gaindiko nafar espazioa kontuan har dezan une honetan abian den deseskalatze-prozesuan, halako moduan non malgutze-neurriak hartuko baitira albait lasterren merkataritzaren, turismoaren, abeltzaintzaren, osasungintzaren, kulturaren nahiz familien esparruetan, bai eta mugaz gaindiko europar proiektuak kudea ditzan ere”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “mugaz gaindiko lankidetzarako politika aktiboak bultza ditzan, Euroeskualdearen esparruan eta zuzenki ukitutako toki entitateekin batera, barnean hartuko dituztenak koronabirusaren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak nahiz garrantzi berezikotzat jotzen direnak, hurrengo urteotarako nafar nahiz europar ildo estrategikoen barnean arituz”.

 

Horrez gain, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “mugaz gaindiko plan estrategiko bat taxutu dezan, lurralde mugakideen, toki entitateen, elkarteen eta herritarren arazo eta erronka nagusiak aztertuko dituena eta horiei konponbide bat ematen saiatuko dena, horiekin guztiekin batera egindako analisi batetik abiatuta”.

 

Gainera, Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatzen zaie “kontuan har dezaten mugen ixteak zer eragin duen oraingo alarma-egoeraren ostean aplikatu beharreko leheneratze eta pizte neurrietan, ukitutako herrietako biztanleentzat ekonomia- eta enplegu-susperraldi albait azkarrena ahalbidetzeko xedez”.

 

Azkenik, erabaki da “mozio hau helaraztea Europako erakundeei, bere edukia kontuan har dezaten egitekoa den Europako Berreraikitze Planeko irizpideak prestatzean”. Atal hau Navarra Sumaren eskariz gehitu da.

 

Bestetik, ez da Navarra Sumaren ordezteko zuzenketa bat onartu, zeinak Espainia eta Frantziako Gobernuei “malgutasun-neurriak eskatu nahi zaizkie, modu koordinatuan, mugaz gaindiko espazioaren deseskalatzeari ekiteko”. Koordinazio bera proposatzen zen Europar Batasun osoan, halako moduz non “pandemiaren bolada berrien edo antzeko egoeren aurrean mugimenduen murrizketa ahalik eta txikiena izan dadin, mugak ireki eta ixtea sinkronizatuz eta mugako eskualde eta herrien errealitate sozio-ekonomikoa ere kontuan hartuz”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Frantziako estatuarekiko mugatik gertu bizi diren nafarren “berezitasunak” aipatzen ditu, “bertako aisia, gizarte, familia, merkataritza, ekonomia nahiz kultur harremanak estatu-mugez gaindikoak baitira”; eta hori dela eta, normaltasunera berehala itzultzeko eskaera egiten da, Erregioen Batzordeak egin duen bezala, maiatzaren 9an “bere kezka adierazi baitzuen COVID-19aren krisia mugaz gaindiko lankidetzari egiten ari zaion kalteagatik”.

 

Testuinguru horretan, ohartarazten da “merkataritzaren arloko 50 nafar enpresa baino gehiagok itxi behar izan dutela –1.200 pertsonari ematen diote lana zuzenean, eta 900i zeharka–, bezeroen % 90 baino gehiago delako frantziar nazionalitatekoa. Bera, Urdazubi edo Luzaide bezalako herrietan sektore hori da enplegu gehien sortzen duena, eta funtsezkoa da populazioa lurraldeari atxiki dakion, argi eta garbi landa eremukoa den eremu batean”.

 

Argudiatzen da Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako estatu-mugak iragan martxoan itxi izana “kolpe latza izan zela ekonomiaren nahiz gogoaren aldetik” Frantziako estatuarekiko mugatik gertu bizi diren nafar askorentzat, eta eremu horretako jarduera ekonomikoak deseskalatze-prozesua markatzen ari diren beste errealitate batzuekin zerikusirik ez duenez, erantzunak “haren berezitasunen araberakoa izan behar duela” nabarmentzen da.