Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Otsailak 10

Espainiako Gobernua premiatzen da elektrizitate barne merkatuaren prezioak aldi baterako finka ditzan

“Benetako tarifa arautu” bat eskatzen da eta Gobernuari dei egiten zaio Autokontsumo eta Biltegiratze Elektrikoaren Planean jasotako programen garapena lehenesteko

Garapen Ekonomikorako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “elektrizitatearen barne merkatuari buruzko arau komunen 2019/944 Zuzentarauan ezarritakoari jarraikiz Trantsizio Ekologikorako Ministerioak prezioak aldi baterako finka ditzan, gutxienez ere alarma egoera amaitu arte, aipatu zuzentarauaren 5. artikuluak aurreikusten dituen salbuespenen arabera”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Exekutiboari eskatzen dio “egungo tarifa arautua (PVPC) ordezteko benetako tarifa arautu bat diseina dezan, gaur egungoa ez bezalakoa, arautu gabe eta merkatu-irizpideen mendean baitago”.

 

Era berean, hirugarren atalean EH Bilduren eskariz, aurkeztu duen zuzenketa I-Ek, ekimenaren titularrak onetsi baitu, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “Autokontsumo eta Biltegiratze Elektrikoaren Planean jasotako programen garapena lehenesteko”.

 

Gainerako atalak (7), EH Bilduren zuzenketaren bigarren atala barne, baztertu egin dira Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin. Geroa Baik bi atalen aurka bozkatu du, EH Bilduk eta I-Ek atal guztien aldeko botoa eman dute eta Podemos-Ahal Dugu atal batean abstenitu da, eta gainerakoen alde bozkatu du.

 

Baztertutako ataletan lehenak Espainiako Gobernua premiatzen zuen “Gobernu Akordioaren 3.2 puntua bete dezan eta elektrizitate-merkatua sakon eraberritu dezan, prezio izugarri altuko egoerak, oraingoaren modukoak, saihesteko”. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute eta Geroa Bai abstenitu egin da.

 

Beste atal batek Espainiako Gobernua premiatzen zuen “Endesa edo Repsol bezalako enpresen pribatizazioa lehengora dezan, % 100 kapital publikoa duen eta kudeaketa publikokoa den enpresa bat sortzeko, energia berriztagarriak eta beharrezko trantsizio energetikoa irmotasunez bultzatuko dituena”. Geroa Baik aurkako botoa eman du Navarra Suma eta PSNrekin batera.

 

Atzera botatako hurrengo atalak Espainiako Gobernuari eskatzen zion “uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen Testu Bateginaren artikuluetan edo lege baliokideetan aldaketa bat egin dezan”. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute eta Geroa Bai abstenitu egin da.

 

Aldaketa horretan, azaltzen zenez, funtsezko ardatz hauek jaso behar ziren: “aprobetxamendu hidroelektriko guztiak berreskuratzea, Estatuaren politika gisa, sektore publikoak interes komunaren aldeko baldintzetan kudeatu ahal izateko; jauzi hidroelektrikoak itzultzeko espedienteak bizkortzea eta atzerapenik gabe eta iraungipenik gabe izapidetzea”, edo “espedientea administrazio hidrauliko eskudunean izapidetzea”.

 

Halaber, eskatzen zen “espedienteak ofizioz hastea organo eskudunaren erabakiaren bidez, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuen arrazoibidezko eskaeraren ondorioz edo salaketa baten ondorioz”.

 

Horrez gain, “zentral hidroelektrikoa eta ustiapen hidroelektrikoko sistema osatzen duten gainerako azpiegiturak kokatuta dauden lurralde-eremuko autonomia-erkidegoak eta udalerriak edo udalerriek txostena egitea iraungitze-espedienteari buruz”.

 

Ildo horretan, adierazten zen, “administrazio hidraulikoak, aprobetxamendu hidroelektrikoaren jarraitutasuna posible eta komenigarria dela eta plan hidrologikoarekin bateragarria dela uste duenean, jauzi hidroelektrikoaren instalazioak lehengoratzea erabakiko du, haiek ustiatze aldera”.

 

Azkenik, zehazten zenez, “jauzi hidroelektrikoak lehengoratu ondoren, eta sektoreko enpresek kudeaketa teknikoa garatzen jarraitzea alde batera utzi gabe, horien onurak titulartasun publikokoak izatera igaroko dira, lurraldea egituratzeko irizpideekin”.

 

Hala, adierazten zen “jauzi hidroelektrikoen onurak erabiliko dira instalazio hidroelektrikoek eragindako lurraldeak ekonomikoki eta sozialki leheneratzeko, bai eta onura publikoko edo gizarte-intereseko beste helburu orokor batzuetarako edo belaunaldi berriko eraikuntza berriztagarrietan zuzeneko inbertsio publikoa egiteko ere. Aldez aurretik, kontsulta publikoko prozesu bat eginen da ukitutako udalerrian edo udalerrietan, herritarrek parte har dezaten emakida itzultzetik eta, beraz, sorkuntza hidroelektriko publikotik lortutako onurari esker eginen diren proiektuak ezartzean edo aukeratzean”.

 

Atzera bota duten hurrengo atalean, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta horretarako gaitasun nahikoa duten Nafarroako udalak premiatzen zituen “has ditzaten foru- eta toki-merkaturatzaileak eratzeari buruzko balorazio ekonomiko-teknikoa egiteko azterlanak, herritarrei elektrizitate-konpainia publiko baten bidez hornidura elektrikoa eskuratzeko aukera emanen dietenak, beste udal batzuek egindako proiektuekin bat eginez”. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, gainerakoek alde.

 

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako udalei eskatzen zitzaien “mozio hau onesten denetik aurrera energia elektrikoz, gas naturalez eta urez hornitzeko egiten den edozein kontratazio publiko egin dadin organismo arau-emaileak legez kanpoko jardunbideengatik zehatu ez dituen enpresekin; horretarako, murrizketa hori dagozkion kontratazio-pleguetan jasoko da”. Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik aurka bozkatu dute eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da.

 

Nafarroako Gobernua eta Nafarroako udalak premiatzen ziren “bien bitartean egiten diren hornidura elektrikorako baldintza-pleguetan exigi dezaten hornidura hori egin dadila % 100 energia berriztagarriarekin, Jatorri Bermeen mekanismoaren bidez”. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, gainerakoek alde.

 

Azkenik, EH Bilduren eskariz gehitutako atalak ere atzera egin du, zeinaren bidez Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “Espainiako Estatuarekin negoziatzeko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa, Nafarroak zeharkako zergen arloan araugintzako ahalmena izan dezan”. Navarra Sumak eta PSNk aurkako botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “merkatu elektrikoaren eredu berri bat diseina dadin" eskatzen du, "Aznarren Gobernuak sortutako eta indarrean dagoen sistema kontrolatzen duen oligopolioaren interesei lotutako distortsioak saihestuz, justizia, efizientzia eta iraunkortasun" irizpideetan oinarrituko dena, eta, horretarako, beharrezkoa da "energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa" egitea.

 

"Elektrizitatearen prezioa kontrolatzera" bideratutako erreformez harago – urtarrilaren 9an, "hotz-bolada handi batekin batera, azken hamarkadako preziorik altuenera iritsi zen" –, "merkatu elektrikoaren konfigurazio berria" eskatzen da, "aldakortasuna saihesteaz gain, kontsumitzaile ahulenei estaldura zentzuzkoa eta egonkorra emango diena”.

 

Gauzak horrela, eta “gizartearen egiturazko arazo honek dituen ondorioak” ekiditearren, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) kontrola areagotu nahi da. Batzorde horren ikuskapen-zerbitzuak dagoeneko "Espainiako enpresa handiei milioi askoko isunak" jarri dizkie, eta, nolanahi ere, hertsapen hori ez da nahikoa "familia ahulenentzat bereziki kaltegarria den dinamika" zuzentzeko.

 

Proposamena egin duenak, azkenik, Unidas Podemos eta PSOEk sinatutako Gobernu Akordioa aipatu du, non "egungo merkatu elektrikoa erreformatzeko konpromisoa" esplizitu egiten den, "elektrizitatearen azken prezioen eta ekoizpen kostuen arteko desberdintasuna" eta enpresa handiei emandako tratu fiskala kontuan hartuta.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan honakko parlamentari hauek parte hartu dute: Carlos Pérez Nievas, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez, Iñaki Iriarte, Maribel García Malo, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Carlos Mena, Arantxa Biurrun (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (10. NPAO, 2020-01-29koa)