Espainiako Gobernua premiatzen da Elikakatearen Behatokiaren ekintzak indartu ditzan eta bidezko prezioak ezar ditzan lehen sektorean
Osoko Bilkura nekazarien, industrien, banatzaileen eta kontsumitzaileen arteko sareak ehuntzearen alde agertu da, klima-aldaketaren ondorioak eta merkatuaren globalizazioa arintzeko
Legebiltzarraren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur (PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, aurka). Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da "txikizkako merkataritza antolatzeko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legearen 13.2 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuta, egokitzat jotzen dituen premia biziko produktuetan banatzaile handiei merkaturatze-marjinak ezar diezazkien, hasierako ekoizleei eta amaierako kontsumitzaileei mesede egiteko asmoz”.
Lehen atal hau EH Bilduk eta Geroa Baik sinatutako eta PSNk, ekimenaren titularrak, onartutako zuzenketa baten emaitza da.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, eta Voxen aurkako botoekin, Espainiako eta Nafarroako gobernuei eskatzen zaie "nork bere eskumen-eremuan areagotu ditzan Elikakatearen Legea ez betetzeari buruzko ikuskapenak, bereziki zenbait banaketa-enpresaren irabazi-marjinak direla-eta egindako abusuei dagokienez".
Hirugarrenean, berriz, eta hau ere Voxen aurkako botoarekin, Espainiako Gobernua premiatzen da "erraztu dezan elikakatean sortzen diren plusbalioak modu ekitatiboagoan bana daitezen nekazaritzako elikagaien ekoizleen, prestatzaileen, banatzaileen eta merkaturatzaileen artean, halako moduan non elikakateko inongo katebegirik ez baita behartuta egonen dirua irabazi gabe edo dirua galduz saltzera".
UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, PSNk onartu ez duena, Espainiako eta Nafarroako Gobernuak premiatuz, “nork bere eskumen-eremuan, ahalik eta gehien sinplifikatu dezaten Nekazaritza Politika Erkideari dagokionez nekazariek eta abeltzainek pairatzen duten burokrazia”, baita “Nekazaritza Politika Erkidea gehiago malgutu eta araudi ikaragarria eta haren eskakizunak murriztu ditzaten” ere. Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “tributazioaren eta fiskalitatearen arloan lehen sektoreak behin eta berriz eskatu dizkien neurri guztiak har ditzan, presio fiskala Espainiako gainerako lurraldeekin berdintze aldera”, baita “abeltzaintza estentsiboari buruzko plan estrategikoa behin betiko garatu eta ezar dezan, haragi-produktuak eta esnekiak babesteko”.
PSNren talde parlamentarioak aurkeztutako mozioaren zioen azalpenean, lehen sektoreak hemen, estatuan nahiz Europan bizi duen "une kritikoa" aipatzen da, eta arazoen jatorrian "klima-aldaketaren ondorioak, merkatuaren globalizazioa ahiz elikakatearen desorekak" daudela dio. Ondorioz, kontuan hartuta horrek "horniduran, lurraldearen garapenean nahiz ingurumenaren zaintzan" duen garrantzia, beharrezkoa da "nekazarien, industrien, banatzaileen eta kontsumitzaileen arteko sareak ehuntzea".
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioa (69. NPAO, 2024-05-14koa)