Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 27

Espainiako Gobernua premiatzen da erretira dezan Foru Berria aldatzeko eta Foru Legearen zenbait apartaturen aurka aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa

Ganberak berretsi du 21/2019 Foru Legea bat datorrela Foru Komunitateari bakarrik dagozkion kontserbazio-, garapen- eta aldaketa-eskumenekin

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “erretira dezan Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta gaurkotzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen zenbait apartaturen aurka aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean oroitarazten duenez, “erabaki hau Espainiako Gobernuko lehendakariari helaraziko zaio”.

 

PSN talde parlamentarioak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren sustatzaileak onartu ez duena, eta eskatzen zuen “jarduketa horiek Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren artean horretarako eratutako Lankidetza Batzordean jadanik hasita dauden negoziazioen esparruan egin zitezela, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpena ikusita”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako Kontseiluak, bere eskariz, eman zuen txosten “zehatza eta luzea” aipatzen du. Izan ere, txostenak dio Nafarroako Parlamentuak onetsi eta Espainiako Gobernuak inpugnatutako Foru Berriaren erreformak “Foru Komunitateari esklusiboki dagozkion kontserbazio-, garapen- eta aldaketa-eskumenak errespetatzen dituela (Lorafnaren 48. artikulua)”.

 

Esparru horretan, eta Konstituzioak lehen xedapen gehigarrian bermatzen dituen foru-lurraldeen eskubide historikoen babesa eta errespetua aldarrikatu ondoren, zera ikusten da: “Gobernuak ezeztatutako Foru Berriko zortzi legeetatik sei ez dira aldatu azken berrikuntzan; beraz, Foru Berriak baino gehiago, zalantzan jartzen da Foru Erkidegoak eztabaidarik gabe duen eskumen historiko bat erabiltzea”.

 

Irizpen horren arabera, zehazki, Espainiako Gobernuak Nafarroaren legegintza-eskumen osoaren zenbait alderdi jartzen ditu auzitan; besteak beste, nafar foru-izaera zibila hartzea, galtzea eta berreskuratzea; aitorpenaren bidezko filiazioa ezartzea, edo jabaria erreserbatzeko ituna arautzea.

 

Gainera, 511 Legea –zeinaren bidez kreditu-lagapenean zordunaren posizioa arautzen eta babeste baita– edo 495 Legea –zeinaren bidez ordainean nahitaez emateari dagokionez Nafarroako foru-erregulazioa berresten baita– “zeharo finkatuta daude Nafarroako zuzenbide substantiboko espezialitate gisa”.

 

Aipatutako irizpenaren ondorioekin bat eginez, “Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta gaurkotzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen 11, 12, 54 –bigarren paragrafoa, c letra–, 72 –azken paragrafoa–, 471 –azken paragrafoa–, 483 –bigarren paragrafoa–, 495 –bigarren eta hirugarren paragrafoak–, 511 eta 544 legeak, Gobernuko lehendakariak sustatu eta Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak izapidetzera onartutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoaren bidez aurkaratuak, Nafarroak Foru Hobetzearen 48. artikuluari eta Espainiako Konstituzioaren 149.1.69 eta 8) artikuluari jarraikiz dauzkan eskumenen araberakoak dira”.