Espainiako Gobernua premiatzen da onets dezan gizakien sexu-esplotaziorako salerosketaren eta prostituzioaren aurkako lege integral bat
Osoko bilkuran onetsia. 2021eko otsailaren 4an
1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da indartu ditzan, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen eta foru-plan berriaren esparruan, prostituzio-sistematik bizirik ateratzen direnei arreta integrala emateko diziplina anitzeko zerbitzuak.
2.- Foru Gobernuari eskatzen zaio kanpainak egin ditzan emakumeen erosketaren, prostituzioaren kontsumoaren eta emakumeen irudi iraingarriaren aurkako kontzientzia soziala sortzeko.
3.- Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen dira, bai eta toki entitateak ere, indartu egin ditzaten gizakien sexu-esplotaziorako salerosketa-delituak detektatzeko eta kontrolatzeko baliabideak eta ekintzak; izan ere, adierazle nahiz azterlan guztiek erakusten dute pandemiak areagotu egin duela gizakien salerosketa, bereziki emakume eta neskatoena, zeinak, konfinatuta egotean, indarkeria handiagoaren arriskupean egon baitira.
4.- Espainiako Gobernua premiatzen da onets dezan gizakien sexu-esplotaziorako salerosketaren eta prostituzioaren aurkako lege integral bat.
5.- Foru Exekutiboa premiatzen da azterlan bat egin dezan Nafarroan prostituzioaren fenomenoak duen dimentsioari buruz, betiere prostituzioaren eskaerari eta proxenetismoaren benetako dimentsioari buruzko datuak emanen dituena, eta ez soilik prostituzioan ari diren emakumeei buruzkoak.
PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.
1, 2 eta 5 puntuak aho batez onetsi dira.
3. puntua Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkakoarekin onetsi da.
4. puntua Navarra Suma, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren aurkakoekin onetsi da.