Espainiako Gobernua premiatzen da Osasunaren Lurralde arteko Batzordean onets dezan Lyme gaixotasuna nahitaez aitortzeko gaixotasuna dela
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Osasunaren Lurralde arteko Batzordean onets dezan Lyme gaixotasuna nahitaez aitortzeko gaixotasuna dela”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “diziplina anitzeko erreferentzia-unitate bat sor dezan gaixotasun hori ikertzeko”. Navarra Suma abstenitu egin da.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “beharrezkoak diren neurriak har ditzan Lyme gaixotasuna modu fidagarrian diagnostikatu eta tratatzeko, eta, halaber, Lyme gaixotasunerako eta harekin batera agertzen diren infekzioetarako erreferentzia-unitate bat sor dezan”. Navarra Suma abstenitu egin da.
Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “berariazko prestakuntza-ikastaroak antola ditzan osasun langileentzat, Lyme gaixotasunean esperientzia frogatua duten pertsonek eman beharko dituztenak”. Navarra Suma abstenitu egin da. Aho batez onetsi da.
Bosgarren atalean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “gaixoen erregistro bat sor dezan Nafarroarako”. Navarra Suma abstenitu egin da.
Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak Lyme gaixotasunak jotako pertsonekin urrian Legebiltzarrean egindako lan-saioa aipatzen du, izan ere, bertan azaldu zutenez, gaixotasuna diagnostikatzea “oso zaila” da, sintoma ugariak eta desberdinak direlako. Horrez gain, behin diagnostikatuta, pzienteek “benetako gurutz-bidea” egin behar izaten dute osasungintza publikoan; izan ere, gaixotasun horrek eragiten dituen askotariko gaitzen ondorioz, barne-medikuntzako mediku eta espezialista desberdinek artatu behar izaten dituzte, baina elkarren arteko loturarik gabeko gaitzak balira bezala tratatzen dituzte, ez baitira hartzen gaixotasun beraren agerpen gisa.
Gaineratu dutenez, Osasun publikoak gaixotasuna onartzen du jasota dagoenean pazienteak akain baten edo beste artropodoren baten ziztada izan duela, baina bestela, ez, eta hori “kalbario” bat da kaltetutako pertsonentzat.
Horregatik guztiagatik, eta Europako Parlamentuak 2018an animalietatik pertsonetara transmititzen diren gaixotasunetatik garrantzitsuena dela onartu ostean, proposatzen da Osasunaren Lurralde arteko Batzordean onets dadila Lyme gaixotasuna nahitaez aitortzeko gaixotasuna dela, eta Nafarroan hainbat neurri hartzeko eskaera egiten da.
Nuria Medinak (PSN) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Ángel Ansa, Iñaki Iriarte, Javier García, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, María Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Virginia Magdaleno (PSN), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González, Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (73. NPAO, 2022-06-03koa)