Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urtarrilak 21

Espainiako Gobernua premiatzen da presoei zigorrak gizarte- eta familia-loturak dituzten lekuetatik hurbil betetzea ahalbidetu diezaien

Estatu osoko espetxeetan sakabanatuta dauden berrehun nafarren lekualdaketa errazteko Iruñeko espetxeak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko eskatzen da

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak, “Espetxeei buruzko Lege Orokorrean ezarritako birgizarteratze printzipioa eta COVID-19aren pandemiak eragindako testuingurua kontuan hartuz, Espainiako Gobernua premiatzen du hala nahi duten presoei zigorrak gizarte- eta familia-loturak dituzten lekuetatik hurbil betetzea ahalbidetuko dien espetxe-politika bat aplika dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “plan bat taxutu dezan, jatorria, ohiko bizilekua edo familia-ingurunea Nafarroan duten preso guztiak, borondatezkotasunaren printzipioa betez betiere, Iruñeko espetxeak hartu ahal izateko eskaintzen dituen aukera guztiak aztertu ahal izateko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako ebazpenak egungo testuinguru epidemiologikoa aintzat hartuta, eta Parlamentuak Espetxeei buruzko Lege Orokorrari buruz egin dituen hainbat deklarazio kontuan hartuta, Estatuko espetxe desberdinetan dispertsatuak dauden eta ohiko bizilekua edo familia-ingurunea Nafarroan duten berrehun presoak Iruñeko espetxera ekartzeko eskaera egiten du. Izan ere, defendatzen da zigorrak ohiko bizilekutik urrun betetzeak birgaitzearen eta gizarteratzearen sustapena galarazten duela.

 

Horregatik, eta Iruñeko espetxeak mila pertsona inguru hartzeko tokia duela jakinda, hurbiltzea ahalbidetzearen garrantzia azpimarratzen da. COVID-19ak eragindako pandemiaren testuinguru honetan, eta osasun publikoa egokiro babesteko xedez, “are arrazoizkoagoa da populazioarentzako arrisku oro ekiditea, presoen familiartekoek eta lagunek egin behar dituzten joan-etorri luze horiek direla eta”.