Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Martxoak 4

Espainiako Gobernua premiatzen da zerga-arauen etetea 2022 urtean luzatu dezan, toki entitateek gastuak beren gerakinen kontura egin ahal izan ditzaten

Argudiatzen da funts propio horien bolumena izugarria dela, administrazio-izapideak konplexuak eta pandemiarekin lotutako gizarte-premiek jarraituko dutela aurreikusten dela

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren aldeko botoekin, Geroa Bairen aurkako botoarekin eta PSNren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “dagozkion lege-xedapenak bultza ditzan, zertarako-eta, 2022an gaur egun etenda dauden zerga- eta gastu-arauak berraktibatu arren, ekitaldi hori baliozko epe gisa gaitzeko, toki-erakundeek gastuak eta inbertsioak beren gerakinen kontura egin ahal izan ditzaten, egungo pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozial larri eta seguruenik luzeei aurre egin ahal izateko”.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onartu ez duena, Espainiako Gobernua premiatuz “ondoriorik gabe utz ditzan aurrekontu-egonkortasuna eta zor publikoaren helburuak eta gastu-araua, toki-entitateek gastu eta inbertsioak beren gerakinen kontura gauzatu ahal izateko beharrezkoa den epealdian, egungo pandemiak sorturiko ondorio ekonomiko eta sozialak arintze aldera”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “ezohiko larrialdi" egoeraren berri eman du, zeinak eragin zuen, Ministroen Kontseiluak hala erabakita, Kongresuak 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako zerga-arauak etetea onartzea. “Funts propio horien bolumen izugarria, administrazio-izapideen konplexutasuna eta gizarte-premien jarraipena” kontuan hartuta, epe hori nahikoa ez dela salatzen du ebazpenak.

 

Sustatzailearen ustez, pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozial larria dela-eta, udalerriek, bereziki txikienek, askatasunez erabili behar dituzte beren baliabideak, jarduera eta enplegua berreskuratzen lagunduko duten garapen proiektuak bultzatzeko, baita 2022an ere.

 

Horregatik, toki-erakundeen gastu-jarraibideen aldaketa 2021etik aurrera luzatzeko aukera azpimarratzen da, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa aplikatuz blokeo berri bat saiheste aldera, udal-gerakina gizarte-laguntzako programak eta proiektuak gauzatzera bideratu ahal izateko.