Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 10

Espainiako Gobernua premiatzen da Zigor Kodea alda dezan, adingabeei egindako sexu-abusuen delituen preskripzioa eragotzi dadin

Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Zigor Kodea alda dezan, halako moduan non eragotzi eginen baita adingabeei egindako sexu-abusuen delituen preskripzioa, beste delitu batzuen kasuan gertatzen den moduan, edo, halakorik ezean, handituko baitira gehieneko preskripzio-epeak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “hezkidetza eta hezkuntza afektibo-sexuala bultzatzen jarrai dezan Nafarroako ikastetxe guztietan, hori baita neurririk onena prebentziorako eta, gisa horretako delitu bat gertatuz gero, adingabeen aurkako sexu-abusuak identifikatzeko eta salatzeko”..

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “departamentuarteko akordio bat egin dadin, jarraiturik Haurren eta Familien Babeserako II. Planari eta Haur-babesgabetasuneko egoerak detektatu, jakinarazi, baloratu eta haietan esku hartzeko II. Prozedura-eskuliburuari, halatan jardute-protokoloak prestatzearren tratu txar fisikoen eta haurren sexu-abusuaren egoeretarako, eta protokolo horien berri emateko. Gainera, prestakuntza emanen zaie zerikusia duten profesional guztiei, adingabeen sexu-abusuen detekzioa hobetzeko”.

 

Amaitzeko, Nafarroako Gobernua premiatzen da “ekitaldi publiko bat egin dezan 2020ko azaroaren 19an –Haurren Sexu-abusuaren Prebentziorako Nazioarteko Eguna–, adingabeen aurkako sexu-abusuen biktima guztiei erreparazioa emateko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aldarrikatzen du “desadostasun larria” dagoela adituen iritziaren eta Espainiako Zigor Kodearen artean; izan ere, adituek diote ohikoa dela urte askotxo igarotzea abusuak pairatu dituzten haurrak abusu horiek jaso izanaz kontziente izan arte, eta are urte gehiago abusu horiek salatzeko gai diren arte (baldin eta salatzera iristen badira), eta Zigor Kodeak, berriz, delitu horietarako motzegia den preskripzioaldia ezartzen du.

 

Zehazten denez, delituaren larritasuna gorabehera, adingabeen aurkako sexu-indarkeriako delituen preskripzioa 5etik 15 urtera bitartekoa da biktima adin-nagusitasunera iristen denetik aitzina; epe hori “ez da aski” salaketa horietako asko artatuak izan ahal daitezen, delitu horien ezaugarri bereziak ikusita.

 

Sustatzaileak azpimarratzen du beharrezkoa dela biktimei “ahal den neurrian erreparazioa ematea”, eta hezkidetza eta hezkuntza afektibo-sexuala sustatzeko, biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntza hobetzeko eta jarduketa-protokolo eraginkorrak prestatzeko deia luzatzen du “adingabeei egindako sexu-abusuekin amaitzeko”.

 

Inma Jurío (PSN) buru izan duen saioan egon dira Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Jorge Esparza, Maribel García Malo, Raquel Garbayo, José Suárez (Navarra Suma), Nuria Medina, Patricia Fanlo (PSN), Jabi Arakama, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (G.P. Mixto- Izquierda-Ezkerra).