Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 6

Espainiako kirol-erakundeak premiatzen dira jardun dezaten Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioak hartutako erabakiak baliogabetzeko

Ebazpenak halaber defendatzen du "Iruña, Pilotaren Munduko Hiriburu" proiektua, kirol- eta kultura-balioaren aldezpen gisa

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur mozio bat onetsi du, UPN, PSN, PPN eta Voxek emandako aldeko botoekin eta EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak emandako aurkako botoekin, zeinaren bidez "Espainiako kirol-erakunde eskudunak premiatzen [bait]ira kasuko instantzietan legez jardun dezaten Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren Biltzarrak hartutako erabakiak baliogabetu daitezen".

 

Horrez gain, PSN talde parlamentarioak aurkeztu duen eta aho batez aldeztu den zuzenketa baten bitartez, adostu da "'Iruña, Pilotaren Hiriburu' proiektua defendatzea, pilotak hala hiriari buruz nola Nafarroako Foru Komunitateari buruz jendearenganatzen duen kirol- eta kultura-balioaren aldezpen gisa".

 

Erabaki-proposamena UPN talde parlamentarioak aurkeztua zen, eta bazeukan puntu bat, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak emandako aurkako botoekin eta UPN, PPN eta Voxek emandako aldeko botoekin bazter utzitakoa, zeinean Espainiako Gobernua premiatzen baitzen "Kirolaren Legearen 48. artikulua alda dezan –autonomia-erkidegoetako selekzioek nazioartean parte-hartzea ahalbidetzen du–, Espainiako kirol autonomiko osoarendako arazo baten sorburua delako eta Espainiako kirol instituzio guztiek –bai Espainiako Komite Olinpikoak, bai Espainiako Kirol Elkarteak (ADESP)– artikulu hori indargabetzea eskatu dutelako".

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioaren ekimenezko erabakiak oroitarazten du ezen Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren biltzar arruntak, Iruñean joan den abenduaren 28an egin zen horrek, bere estatutuak aldatzea onetsi zuela, Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide gisa onartua izatea ahalbidetzeko.

 

Proposamena egin duen talde horren aburuz, biltzar horretan hartutako erabakiak "deusezak dira eskubide osoz, eta bai kirol-justiziaren esparruan bai zuzenbide zibilarenean aurkatu beharrekoak, egoera bidegabe bat onera ekartzeko".