Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 12

Espainiako zentral nuklearren bizitza baliagarria luzatzeari buruzko azterlan bat egin zezan Espainiako Gobernua premiatzen zuen mozioa ezetsi da

Navarra Sumak ahalik eta instalazio gehien 2045era arte luzatzea nahi zuen, segurtasuna, jasangarritasuna eta errentagarritasuna mantenduta

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin,zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen zen “hiru hilabeteko epean Espainiako zentral nuklearren bizitza baliagarria luzatzeari buruzko azterlan orokor bat agin dezan, identifikatze aldera ahalik eta instalazio gehien 2045era arte luzatzeko behar diren inbertsioak, segurtasun, jasangarritasun eta errentagarritasun baldintzak mantenduta”.

 

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan Estatuko Gobernua premiatzen zen “teknologia nuklearra baliatzea erraztuko duten neurrien plan bat taxutu dezan, non sartuko den arau mugatzaileak kentzea edo, beharrezkoa balitz, Energia eta Klimarako Plan Nazional Bateratua (2021-2030) berrikustea, bai eta aztertzea eta ikertzea ere energia horren teknologia eta aplikazio berrietan, energia berriztagarrien mix bat laguntzeko aukera erreal eta seguru bihurtzen baitute”.

 

Geroa Baik ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, onartu ez duena, Espainiako Gobernuko ministerioei eta Nafarroako Gobernuko departamentuei “parke eolikoak edo fotovoltaikoak instalatzeko prozesuari buruzko azterlanak egiteko baldintzak hobetzeko baliabideak emateko”.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean adierazten da ezinbestekoa dela “energia-mix bat edukitzea” energia berriztagarriak babesteko 2050eko deskarbonizazio osora arteko trantsizio aldian; horrez gainera, birplanteamendu horretan energia nuklearrak berebiziko zeregina dauka “isuririk gabeko energia-iturri gisa”.

 

Proposatzailearen hitzetan “ulergaitza” da Espainiako Gobernua energia nuklearra Europako taxonomian sartzearen aurka egotea, “berdea” ez delakoan, eta uste du “larria” dela Espainian dauden bost zentral nuklearrak 2035erako ixteko asmoa egotea, zeren eta Foro Nuklearraren arabera “hamargarren urtez jarraian” nuklearra baita Espainiako sistema elektrikoan elektrizitate gehien sortu duen iturria.

 

Gogorarazten da Europako Batzordearen arabera energia nuklearrean inbertitzeko aldia 2045ean amaitzen dela, eta horrela “gure herrialdeak inbertsioko, enplegu sorkuntzako, deskarbonizazioko eta autonomia energetikoko hamarkada bat galduko luke”, horren ordez gas naturala erabili beharko litzateke, eta hirugarren herrialdeekiko menpekotasuna egonen litzateke eta ez litzateke egonen modurik elektrizitatearen prezioa aurreikusteko.

 

Horregatik guztiagatik, ebazpenean sustatzen da energia nuklearra 2045era arte luzatzea eta inbertsioak egitea dauden zentraletan, baldintza izaki instalazioen bizi-zikloari lotutako CO2 isuriak ez izatea 100g/kWh baino gehiago, hondakinen kudeaketa eta segurtasunerako baldintzak zorrotzak betetzeaz gain.