Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 23

Estatuaren behin-behinekotasunak Nafarroan eragin negatiboa duela esan du Gobernuak

Geroa Bairen jabeldura bati erantzunez, zeinak gaitzesten baitu "egiturazko ustelkeriaren alderdia" den PPren ordezko aukera sortzeko gaitasunik eza

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik adierazi du Estatuko gobernu berria eratzeko akordiorik ezak "argi eta garbi eragin negatiboa" izan duela Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioan, eta ohartarazi du, gainera, bien bitartean Foru Komunitateak Estatuari egiten dion ekarpena 105 milioi euro handitu dela azken urteetan.


Kontrolerako Osoko Bilkuran Geroa Baik egin dion jabeldurari erantzunez, Ayerdik adierazi du behin-behineko gobernu batek ez duela ahalmenik Hitzarmenaren inguruko erabakiak hartzeko, eta gogora ekarri du egoera horrek prestazio handiko trenari buruzko akordioa negoziatzea ere eragozten duela.


Ayerdiren esanetan, LOMCEren eta erizaintzari buruzko dekretuaren aplikazio praktikoan ere badu eragina behin-behinekotasunak, bi araudi horien "muinetik harago", eta Nafarroako Gobernuari arazo "operatiboak" sortzen ari zaio. Azkenik, Ayerdik esan du Nafarroan ETB ikusteari dagokionez ere eragina izaten ari dela.


Bestalde, lehendakariorde ekonomikoak nabarmendu duenez, oro har "behin-behinekotasunak ziurtasunik eza eragiten du, zalantza, zer gertatuko ote den, eta ondorioz erabakiak motelago hartzen dira; begi-bistakoa da edozein gobernuren behin-behinekotasuna inoiz ez dela ona". "Jarduneko gobernu batek ez du estrategia edo plan berririk zehazten", gaineratu du.


Harago ere jo du Manu Ayerdik, esanez gobernu aurrerakoia osatzeko ezintasunak berekin ekarri duela "zenbait lege mantentzea –gobernu honek gustukoa ez duen zerbait–, eta igande osterako espero dut duela sei hilabete horrelako gobernurik lortu ezin izan zutenak oraingoan gauza izatea lortzeko".


"Gobernu aurrerakoia sortu ahal izan balitz, bestelako egoeran geundeke", esan du Foru Gobernuko lehendakariordeak, lan arloko legeriaz, mozal legeaz edo LOMCEz ari zela, baina "egoera hori baloratzea parlamentu-taldeei" gehiago dagokiela zehaztu du.


Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) alderdiak kritikatu ditu "ez direlako gai izan Estatu mailako gobernua eratzeko,eta PPk jarraitzen duelako Espainia gobernatzen, egiturazko ustelkeriaren alderdiak, egunero amesgaiztoko titularrak ematen dizkigun alderdiak".


Ondoren, PP "zinismoaren eta herritarrenganako mespretxu erabatekoaren alderdia" dela esan du, eta UPN kritikatu du hauteskundeetara popularrekin batera doalako, "Nafarroako Parlamentuak onetsitako 17 lege errekurritu dituzten horiekin. Espero dut Estatuan aldaketaren alde gauden indarrok ekainaren 27an behar bezain sendoak izanen garela Gobernua kaleratzeko eta Gobernu etikoa eta ustelkeriarik gabekoa lortzeko", nabarmendu du.


Javier Esparzak (UPN parlamentu-taldea) hau esan dio Koldo Martinezi: "Mitina egin nahi baduzu, alokatu areto bat, ordain dezala zure alderdiak, eta egin ezazu mitina, jabeldura honek ez baitu nondik heldurik. Nafarroako Parlamentua Gayarre antzokia bihurtu behar ote da? Begirune falta da, eta oholtza honen erabilera okerra. Geroa Bai kezkatuta dago igandeko hauteskundeetan lortuko duen emaitzarengatik".


Maiorga Ramirezek (EH Bildu parlamentu-taldea) hau adierazi die hauteskunde-deialdi berria ezbaian jartzen dutenei: "Ona da herritarrei kontsulta egitea. Hilabete hauetako behin-behinekotasuna positiboa izan daiteke gobernuaren aldaketa badakar. Jarduneko gobernua izan edo ez, Nafarroaren eta Estatuaren arteko aldebiko hitzarmena egiazkoa behar dugu, eta ez da hala izan PPrekin".


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak) adierazi duenez, "azken hilabeteetako gobernurik ezak kalte egin die Nafarroari eta Estatu osoari. PSOE, ordea, Ciudadanosen eskutik joan zen negoziazioetara, eta egin zuten akordio programatikoan abiaburutzat hartu zen Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma antidemokratikoa berrestea, azken urteotako murrizketa-politika osoa zuritzeko erabili dena".


Inma Juriok (PSN parlamentu-taldeak) kezkagarritzat jo du "Geroa Bai izatea egiazko aldaketa, Nafarroako Gobernuan egin dutena adarra jotzea izan baita. Geroa Baik Unidos Podemosi erantzukizuna eskatu behar dio PPren behin-behineko gobernuagatik, baina ez du egiten, Gobernuan bazkide duelako".


Ana Beltranek (PPN foru parlamentarien elkartea) adierazi du abenduko hauteskundeetan ezbairik gabeko irabazle bat egon zela, Alderdi Popularra, eta "politikagintzan sekula ikusi gabeko jokabidea erakutsiz, bigarren indarrak, PSOEk, nori eta irabazleari esan zion ez zuela berarekin hitz egin nahi. Behin-behinekotasun hori gertatu da erraiek eta fobiek gidatzen dutelako PSOEren hautagaia".


José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) aitortu du "oraingo bidegurutzea abenduaren 20koa bera" dela. "Koalizio handia da lehen aukera, eta Alderdi Popularra oposiziora bidali eta Gobernu zentralaren lehentasunak aldatzea, bigarrena. Ez gaude hauteskunde arrunt batzuen aurrean, hau ez da lau urterako gobernu txandakatze soila, aitzitik, askoz luzeagorako alda dezake norabide politikoa".