Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 6

Estatuari eskatzen zaio lehentasunik handiena emanez lizita ditzan Iruñeko geltoki berria eta abiadura handiko Nafarroako korridoreko Arrizabalagako tartea

Erabakiak orobat jasotzen du aldi horretan berean lor dadila onestea Zaragozatik Castejónera eta Iruñerrira bitarteko tarteak

Nafarroako Parlamentuak mozio bat onetsi du gaur, UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Voxen aldeko botoekin (EH Bildu eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak aurka bozkatu dute), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita "2025eko lehen seihilekoan Estatutik lor dezan Nafarroako Abiadura Handiko Korridorearen Zaragozatik Castejonerako tartearen eta Iruñerriko tartearen informazio-azterlanak onestea eta horiek eraikitzeko proiektuak lizita daitezen, Arrizabalagako tarteari eta Iruñeko geltoki berriari lehentasuna emanda".

 

UPN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak bigarren puntu bat ere bazuen, baina ezetsi egin da, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak aurka bozkatu dutelako (UPN, PPN eta Voxek alde bozkatu dute); horren  bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen "Estatutik lor dezan berehala –2025eko lehen seihilekoan– argitaratzea trena Tuteratik iragaten den tarterako alternatiben informazio-azterlan berria, zeinak ezinbestean jaso beharko duen AHTaren trenbide berrien eta Renferen trenbide guztien trazaduraren alternatiba, ospitale ondoan eginen den Tuterako eskualdeko geltoki bakarrarekin batera". 

 

Proposamena aurkeztu duen taldeak ez du onartu PPN talde parlamentarioak zuzenketa baten bidez sartu nahi zuen beste puntu bat jasotzea erabaki proposamenean; horren bidez, "Nafarroako Gobernua premiatzen zen exiji dezan nazioarteko trenbide-zabalerarekin aztertu, proiektatu eta eraiki dadila AHTaren Zaragozatik euskal Y-ra bitarteko tartea, Espainiako AHTa eta abiadura handiko Europa barruko sareak bezala, eta ez beste zabalera batekin, hartara ahalbidetuko baita abiadura handian libreki zirkulatu ahal izatea, eragozpenik gabe, sare horietara zabalera-aldaketarik gabe lotzeko".

 

Geroa Bai talde parlamentarioak ere in voce zuzenketa bat aurkeztu du, baina Vox foru parlamentarien elkartea aurka agertu denez ez da eztabaidatu ere egin; horren bidez, "Nafarroako Gobernua premiatzen da Estatuko Gobernuaren eta EAEko eta Nafarroako Gobernuaren artean irekitako elkarrizketa-prozesuan aintzat har dadin Sustapen Ministerioak egindako azterlan informatiboari alegazioak egiteko fasean iradokitako trazadura, 2018an jendaurrean jarri zena (H-aren eta V-aren arteko nahastura), amaiera Ezkio-Itsason duena".

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako ekimenak dio aldirietako nahiz hurbileko trenbide-komunikazioek pertsonen eta salgaien mugikortasuna hobetzen laguntzen dutela, bai eta Nafarroan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea eta Nafarroan kokatuta dauden enpresen tokiko ekonomia ere.

 

Era berean, ezinbestekotzat jotzen da "abiadura handiko trenaren Nafarroako tartea azkartzeko beharrezkoa den proiektua premiaz zehaztea".