Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 12

Estatuko Gobernua eta Nafarroako Gobernua premiatzen dira zenbait neurri har ditzaten “lindano” izenarekin ezagutzen den pestizida dela-eta

Nafarroako Parlamentuak eskatzen du deklara dadila ez direla giza kontsumorako gai substantzia lehenetsiez eta beste kutsatzaile batzuez ingurumen-kalitateko arauak ezartzen dutena urratzen duten hornidura-eremuetatik datozen urak

Gaur, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatuta eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi duen ebazpen baten bidez honako hau eskatzen zaio Espainiako Gobernuari; “substantzia lehenetsien eta lehenetsi arriskutsuen zerrenda sar dezan Gizakien kontsumorako uraren kalitaterako irizpideak ezartzen dituen 140/2003 Errege Dekretuan, bai eta Azaleko uren egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak eta ingurumenaren kalitateari buruzko arauak ezartzen dituen 817/2015 Errege Dekretuan ezarritako kontrol-parametroak eta mugak ere”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “substantzia lehenetsiak eta lehenetsi arriskutsuak aintzat har daitezen balizko aldaketak egitean urriaren 31ko 231/1986 Foru Dekretuan, zeinaren bidez zentro-sare bat ezartzen baita kontsumo publikoko edateko uraren osasun-zaintzarako”.

 

Gainera, hirugarren puntuan Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “giza kontsumorako ez-gai deklara daitezen, giza osasunerako arriskua aztertu ondoren, substantzia lehenetsietarako eta beste kutsatzaile batzuetarako ingurumen-kalitateko arauak urratzen dituzten hornidura-eremuetatik datozen urak”.

 

Halaber, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “2022tik 2027ra bitarte exekutatu beharreko plan hidrologikoen bigarren fasearen okerrak zuzen ditzan eta berariazko neurri zuzentzaileak aplika daitezen substantzia lehenetsiak ezabatze aldera azaleko nahiz lurrazpiko uretatik, ingurumenari buruzko legeria indardunarekin bat”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “ekintza instituzional eta sozialeko mahai bat susta dezan foru komunitatearen mailan, zeinean parte hartuko baitute lindanoa egon den aurkintza batek ukitutako toki administrazio guztiek, gizarte zibileko erakundeek eta esparru tekniko eta zientifikoaren ordezkariek, helburua izanik estatu eta Europa mailan koordinatutako jardun instituzional bat garatzea, ezagutzak trukatze aldera eta beharrezkoak diren Europako eta estatuko funts ekonomikoak mobilizatze aldera, ikerkuntza nahiz erremediatze lanak garatzeko xedez ekintza integraleko plan bat taxutzeari begira”.

 

Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, EH Bildu ekimenaren titularrak aurkeztutako in voce zuzenketa baten bidez ezabatu dena, eta Espainiako Gobernua premiatzen zuen “gainontzeko erakunde eskudunen buru jar dadin, bere eskumenak baliatuz, autonomia, estatu eta nazioarteko mailan koordinatutako ekintza batean, deskontaminazioari buruzko ezagutzak partekatzeko, eta ekintza instituzional eta sozialeko mahai bat era dadin, zeinetan parte hartuko baitute ukitutako agintari publikoek (estatukoek, foru autonomiakoek eta udaletakoek), gizarte zibileko erakundeek, ekologistek eta esparru tekniko eta zientifikoko bestelako erakundeek eta ordezkariek, deskontaminazioari buruzko ezagutzak trukatzeko, Europako, estatuko eta autonomi erkidegoko beharrezko funtsak mobilizatzeko, eta ikerkuntza nahiz erremediatze lanak garatzeko xedez ekintza integraleko plan bat taxutzeko”.

 

EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean adierazten da HCD-lindanoa konposatu kimikoa dela, pestizida eta intsektizida gisa erabili izan dela, EBn debekatuta dagoela 2008az geroztik, eta arriskutsua dela, ingurumenerako ez ezik baita osasun publikorako ere, OMEk 2015ean honela kalifikatu baitzuen: “kantzerigenoa gizakientzat”.

 

Gainera, produktua ekoizteko prozesuak hondakin ugari sortzen zuen (kilogramo bat produktuko 9 kilo hondakin sortzen ziren), eta urte askoan hondakinik kontrolik gabe bota ziren. 80ko urteetatik aitzina lindano hondakinak urruneko eta biztanle urriko tokietara eramaten hasi ziren, baina, hala ere, gaur egun oraindik ere konfederazio hidrografikoek lindanoaren presentzia detektatzen dute ia Espainiako estatu osoko ur-ibilgu askotan.

 

Horregatik guztiagatik, eskatzen da behar diren neurriak ezar daitezela, Europar Batasuna, Estatua eta Autonomi Erkidegoa koordinatuta, ikerkuntza nahiz erremediatze lanak garatzeko ekintza integraleko plan bat taxutzeko, besteak beste.