Estatuko Gobernua eta Nafarroako Gobernua premiatzen dira zenbait neurri har ditzaten “lindano” izenarekin ezagutzen den pestizida dela-eta
Osoko bilkuran onetsia. 2022ko maiatzaren 12an
1.- Espainiako Gobernua premiatzen da substantzia lehenetsien eta lehenetsi arriskutsuen zerrenda sar dezan Gizakien kontsumorako uraren kalitaterako irizpideak ezartzen dituen 140/2003 Errege Dekretuan, bai eta Azaleko uren egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak eta ingurumenaren kalitateari buruzko arauak ezartzen dituen 817/2015 Errege Dekretuan ezarritako kontrol-parametroak eta mugak ere.
2.- Nafarroako Gobernua premiatzen da substantzia lehenetsiak eta lehenetsi arriskutsuak aintzat har daitezen balizko aldaketak egitean urriaren 31ko 231/1986 Foru Dekretuan, zeinaren bidez zentro-sare bat ezartzen baita kontsumo publikoko edateko uraren osasun-zaintzarako.
3.- Nafarroako Gobernua premiatzen da giza kontsumorako ez-gai deklara daitezen, giza osasunerako arriskua aztertu ondoren, substantzia lehenetsietarako eta beste kutsatzaile batzuetarako ingurumen-kalitateko arauak urratzen dituzten hornidura-eremuetatik datozen urak.
4.- Espainiako Gobernua premiatzen da 2022tik 2027ra bitarte exekutatu beharreko plan hidrologikoen bigarren fasearen okerrak zuzen ditzan eta berariazko neurri zuzentzaileak aplika daitezen substantzia lehenetsiak ezabatze aldera azaleko nahiz lurrazpiko uretatik, ingurumenari buruzko legeria indardunarekin bat.
5.- Nafarroako Gobernua premiatzen da ekintza instituzional eta sozialeko mahai bat susta dezan foru komunitatearen mailan, zeinean parte hartuko baitute lindanoa egon den aurkintza batek ukitutako toki administrazio guztiek, gizarte zibileko erakundeek eta esparru tekniko eta zientifikoaren ordezkariek, helburua izanik estatu eta Europa mailan koordinatutako jardun instituzional bat garatzea, ezagutzak trukatze aldera eta beharrezkoak diren Europako eta estatuko funts ekonomikoak mobilizatze aldera, ikerkuntza nahiz erremediatze lanak garatzeko xedez ekintza integraleko plan bat taxutzeari begira.
EH Bildu talde parlamentarioak aurkeztu du.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatuta eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin.