Estatuko Gobernua premiatzen da Erromako Estatutuaren aldaketa azter dezan ekozidioa nazioarteko delitu gisa aitortzeko
Legedia eguneratu nahi da ingurumenaren babesari eraginkortasun handiagoa emateko, mota honetako arau-hausteak areagotzen ari diren honetan
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “du Erromako Estatutuaren aldaketa bultzatzeko politika bat azter dezan, ekozidioa nazioarteko delitu gisa aitortzeko bide modura eta, halaber, balora dezan xede horrekin bat datozen gure barne zuzenbidearen aldaketa prozesalak eta penalak egiteko aukera”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foro parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpenak Stockholmeko Konferentziatik (1972) Kyotoko Protokoloa (1997) sinatu zen arte egindako aurrerapenak errepasatu ditu, eta horren harira, defendatzen du ingurumen-delituen hazkunde orokorrak zigor-arloko zehapen-sistemaren funtzionamendua hobetzea eskatzen duela, arau-hausteen zigorgabetasun-indize handia dela eta; izan ere, nahiz eta zehaztuta egon, zaila da horiek ikertzea eta judizializatzea.
Horretarako, ingurumenaren babesari eraginkortasun handiagoa emateko, ekozidioa nazioarteko delitu gisa ezar dadila aldarrikatzen da, behar bezala epaitu ahal izateko “edozein egintza ez-zilegi edo arbitrario (erruzkoa), burutzen denean jakitun izanik probabilitate handia dagoela ingurumenari kalte larriak egiteko, hedatsuak eta iraunkorrak direnak”.
Helburua legedia eguneratzea da ekozidioa Erromako Estatutuan sartuz, hori baita Nazioarteko Zigor Auzitegia eratzen duen tresna, eremu horretan epaitzen den bosgarren krimen larria bihurtzeko (genozidioa, gizateriaren aurkakoa, gerra eta erasoa). Espainia alde agertu da, baina, proposamena egin duenak azaldu duenez, oraindik ez ditu bere legeak aldatu ekozidioaren delitua bere legedi penalean sartzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (28. NPAO, 2022-03-04koa)