Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Irailak 22

Estatuko Gobernua premiatzen da iturri berriztagarrietatiko energiaren erabilera sustatzearen gaineko eta elektrizitatearen barne merkatuari buruzko arau komunen gaineko zuzentarauen transposizioa egin dezan

1699/2011 Errege Dekretua aldatzea proposatzen da, estalki berean titulartasun desberdineko bi instalazio fotovoltaiko jarri ahal izateko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (I-Ek ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “ahalik azkarrena eta osotasunez egin dezan transposizioa, iturri berriztagarrietatiko energiaren erabilera sustatzearen gaineko 2018/219/EE Zuzentarauarena eta elektrizitatearen barne merkatuari buruzko arau komunen gaineko 2019/944/EE Zuzentarauarena”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Exekutiboa premiatzen du “244/2019 Errege-dekretua alda dezan, halako moduz non handitu ahalko den kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko distantziaren muga –gaur egun 500 metrora mugatuta dago–, autokontsumorako sorkuntza-gaitasuna ahal den handiena izan dadin”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako kontseilariak Green Transition and Energy System Integration-eko zuzendariari Bruselan zuzenean eginiko eskaeraren haritik, Europako Batzordeari eska diezaion enkante-sistema aldatzea, energia berriztagarrizko industriaren arloko tokiko edukia indartzeko, beste merkatu batzuetan dauden aduana-zerga babesleen antzekoak ezartze aldera”. Navarra Sumak aurkako botoa eman du.

 

Halaber, Gobernu zentrala premiatzen da “potentzia txikiko energia ekoizteko instalazioen sarearekiko konexioa arautzen duen 1699/2011 Errege-dekretua alda dezan, estalki berean bi instalazio independente jarri ahal izateko”.

 

Bestetik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gure erkidegoko toki entitateekin lankidetzan aritu dadin –industrialdeak dituzten guztiekin, batez ere–, lurralde antolamendurako tresnen bidez, deskarbonizazioan lagunduko duten eta energia berriztagarrien garapena eta trantsizio energetikorako aurrerabidearen eraginkortasuna areagotuko duten osagai teknologien ezarpena sustatzeko –xafla fotovoltaikoak, minieolikoa, hidrogenoa...”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du.

 

Azkenik, EH Bilduk aurkeztu duen eta Geroa Baik onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroan gara dezan Autokontsumo kolektiboaren kudeatzailearen figura, zeina jasotzen baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren “Autokontsumoaren Ibilbide-orria”. Atal hau aho batez onetsi da.

 

Geroa Baik ez ditu Navarra Sumak aurkeztutako bi zuzenketak onartu. Lehenak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen aurrekontuko partida berri bat sor dezan bost milioi euro baino gutxiago izanen ez dituena, gure erkidegoko toki entitateek, bereziki industrialdeak dituztenek, deskarbonizazioan lagunduko duten eta energia berriztagarrien garapena eta trantsizio energetikorako aurrerabidearen eraginkortasuna areagotuko duten osagai teknologien ezarpena sustatzeko –xafla fotovoltaikoak, minieolikoa, hidrogenoa...–. Bigarrenak, berriz, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen deskarbonizaziora bideratutako energia berriztagarrien instalazioetarako lizentziak emateko gehiegizko izapide burokratikoak arindu ditzan eta Administrazioak erantzuteko dituen epeak murriztu ditzan.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “berriztagarrien arloko Europako industria-politika aldatzeko beharra” defendatzen du, eta, horretarako, Nafarroako Energia Plana modu praktikoan aplikatzea “premiazkoa” dela iritzi du, batez ere energia berriztagarrien instalazioen bidez sortutako elektrizitatearen sustapenari eta banaketari dagokionez.

 

Esandakoaren harira, eta egungo “energia-krisiaren eragin orokorrei” dagokienez, autokontsumoa sustatzea komeni dela azpimarratzen da, eta, horretarako, azaroaren 18ko 1699/2011 Errege Dekretua aldatzea proposatzen da, potentzia txikiko argindarra ekoizteko instalazioak sarera konektatzeari dagokiona arautzen duena, uste baita egungo idazketaren ondorioz ezinezkoa dela “estalki berean bi instalazio fotovoltaiko egitea, hain zuzen ere, 100 titular baino zertxobait txikiagoak direnak”, eta hori “ez dagoela justifikatuta”.