Etxebizitza-arloko jarduketa babesgarriei 2023an aplikatzekoak zaizkien moduluak zehazten dituen Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2022ko urriaren 6an
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du Etxebizitza-arloko jarduketa babesgarriei 2023an aplikatzekoak zaizkien moduluak zehazten dituen Foru Legea, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta Navarra Suma, EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin.
Zehazki, etxebizitza babestuetarako ezarritako gehieneko salmenta-prezioak (+9,9%) eragina du behin betiko jabetza-erregimenean duela urtebete baino lehenago kalifikatutako higiezinetan eta bigarren eta ondorengo eskualdatzeetan. Bi kasu horietan, berehalakoan. Eta etxebizitza berriaren kasuan, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Irakurraldi bakarrean izapidetuta, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek bultzatutako foru legearen helburua da Ukrainako gerrak energiaren eta lehengaien merkatuetan dituen ondorioak arintzea. Horrela, ekoizpen-kostuen igoera ikusita –uztailean % 10,8 hazi dira–, etxebizitza babestuen sustapenean gertatutako “motelaldia” irauli nahi da. Izan ere, “kezkagarriena” da, “bizibide mugatuenak dituzten familiei eta pertsonei” zuzendua delako.
“Ezohiko” egoera horren ondorioz, eta 2022ko urtarriletik abuztura bitartean 2021ean kalifikatu ziren etxebizitza babestuen (BOE eta PTE) laurden bat baino ez direla sustatu kontuan hartuta (453 eta 106, hurrenez hurren), egokitzat jotzen da esku hartzea, alde batetik, etxebizitza eskuratzeko arazoa ez larriagotzeko eta, bestetik, eraikuntza-sektorearen jarduera sustatzen saiatzeko, arrazoizko onura lor dezan.
Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean xedatutakoaren arabera, Foru Gobernuari dagokio etxebizitza babestuen eta haien eranskinen gehieneko salmenta eta errenta prezioa finkatzea. Zenbateko horiek urtero ezartzen dira, aipatutako arauan definitutako modulu ponderatuen eta ponderatugabeen arabera, eta horien kalkulua 10. artikuluan jasotako formulan zehazten da. Formula horren bidez, bizitegi-eraikuntzaren sektoreko kostuen bilakaera islatu nahi da.
Kasu honetan, eta “etxebizitza eskuragarria eta kalitatezkoa eskuratzeko mekanismo nagusia” blindatzeko asmoz, 10/2020 Foru Legearen 10.1a) eta 10.1 d) artikuluan xedatutakoa aplikatzetik salbuestea erabaki da, etxebizitza babestuen eta eranskinen gehieneko salmenta-prezioa zehazteko honako hau izan dadin arau:
Nafarroan etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2023an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.456,96 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.
Eta modulu ponderatugabea 1.398,68 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Aurreko apartatuan ezarritako modulu ponderatua halaber izanen zaie aplikatzekoa behin-behineko kalifikaziorako eskea foru legearen indarraldia hasten denetik 2022ko abenduaren 31ra bitartean aurkezten duten etxebizitza babestuen espedienteei.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (105. NPAO, 2022-09-27koa)