Etxebizitza Batzordea bisitan joan da Muskizko Itsasoenea proiektua ezagutzeko
Bisitaren xedea izan da ikustea eraikin horretan eginiko zaharberritze-lanak, garapen jasangarria eta etxebizitza soziala oinarri dituen proiektu baten arabera
Nafarroako Parlamentuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordeak Itsasoeneara joan da gaur bisitan, Muskizko kontzejuan (Imotz). Aipatu etxea duela gutxi zaharberritu dute eta bertan bateratzen dira alokairuzko etxebizitza sozialaren eskaintza eta lan-tailerrak eta artisautza-erakusketak egitea.
Bertaraturiko batzordekideak izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Kevin Lucero (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).
Honakoek egin diote harrera Parlamentuko ordezkaritzari: Imozko egungo alkate Alfredo Alzuetak, alkate ohi eta proiektuaren sustatzaile Josean Iturraldek, udal idazkari Lucía Belokik eta udal zinegotzi Patxi Xabier Iturriozek.
EH Bilduk eskatutako bisitaren xedea izan da “xeheki ezagutzea landa eremuan gauzaturiko garapen jasangarriko proiektu bat, etxebizitza soziala eta erabilera publikoko lokalak sortzeaz gain teknologia eta kulturarako sarbidea ere ardatz dituena eta zerbitzu horien bidez ibar osoko herritarren bizi kalitatea hobetu eta populazioa finkatzea espero duena”.
Eraikina Muskizko Kontzejuarena da eta Imozko Udalari eman zitzaion Cederna Garalur Elkartearekin batera diagnosi-azterlan bat eta herri-inkesta bat egin ondoren, herria biziberritu eta herritarren eskaera ugariri erantzunen zien proiektu bat abian jartzeko asmoz.
Bisitariek 1.000 metro koadro inguruko azalera duen baserria ezagutu dute. Baserriak 2016an zaharberritu zen Muskizko Kontzejuak eta Imozko Udalak etxebizitza soziala eta erabilera publikoko lokalak egiteko sinatu zuten lankidetza-hitzarmen bati esker.
Hala, sotoan erabilera anitzeko gela bat dago eta bertan jarduera sozialak egiten dituzte Itsasoenea Gastronomia, Kirol eta Kultur Elkartearen eskutik, zeinak 30 kide inguru baititu gaur egun.
Lehen solairuan Udalak berak zuzenean kudeatzen dituen alokairuzko hiru etxebizitzak daude. Zehazki, horietatik bi alokairu sozialera bideratuta daude eta hirugarrena merkatu librera.
Alfredo Alzuetak azaldu duenez, “proiektua abian jarri aurretik egin zen azterlanean, etxebizitza beharra zen herritarrek behin eta berriz aipatzen zuten zerbait”.
“Jendea eroso eta gustura egonen den esparruak eraikitzen ahalegindu behar dugu, bakoitzak bere bizi proiektua garatu ahal dezan, eta, aldi berean, lan egiteko eta jarduerak gauzatzeko eremuak abian jartzeko aukera eskaini”, esan du Josean Iturraldek.
Hain zuzen, eraikinaren goialdea herritarrentzako bost lan-tailer arte jartzeko eremu bat dago.
MendiLAB proiektua
Horrekin lotuta, Itxasoenea da MendiLAB proiektuaren erdigunea, zeina baita landa-ingurunean garapen jasangarria bultzatu nahi duen proposamen bat, artea, teknologia eta jasangarritasuna bateratzen dituena ahalduntze komunitarioa xede.
Hala, eraikinean honakoak aurki daitezke: 3D inprimagailu bat, inguruko landa-komunitateetan bizi direnek beren ideiak gauzatu eta prototipoak modu eskuragarrian sor ditzaten; plastikoak birziklatzeko birringailu bat, inguruko hondakinen bildu eta material erabilgarri bihurtzea helburu duena; eta estrusio-makina bat, birziklatutako plastikoak 3D inprimagailurako harizpi bihurtzeko.
Proiektu honen arduraduna den Iñigo Zubicoak eraikin honetan dagoenaren moduko “modu errealean birziklatzeko” laborategi batek eskaintzen dituen aukerak azaldu dizkie bertaratu direnei.
“Proiektuaren helburua da ibarrean eta inguruan bizi direnen bizi kalitatea hobetzea eta teknologiarako eta kulturarako sarbidea erraztea”, adierazi du.
Jasokundearen eliza zaharberritzea
Itsasoenea proiektua bera ezagutzeaz gain, Parlamentuko ordezkaritzak eraikinaren estalkiaren egoera egiaztatu nahi zuen; izan ere, Imozko Udalak duela gutxi sustatu du haren zaharberritzea, 124.837 euroko kostuarekin. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak 110.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin zuen birgaitze-lan horietarako, EH Bildu talde parlamentarioak Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketa zuzendun baten bidez.
Jarduketa horren bidez, 360 metro koadroko azalera duen estalkia zaharberritu da, haritz-egurrarekin eta baserriaren egitura tradizionala errespetatuta.
Obra horren bidez suaren kontrako inprimazio bat eta 12 zentimetroko isolamendu bat gehitu zaizkio eta, aldi berean, lehendik zegoen sabai-leihoa mantendu eta hiru leiho berri ireki dira, eraikinaren areto horri argitasun handiagoa emate aldera.
Beren parte hartzeetan UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.