Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Irailak 11

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordeak bisita egin du Lekarozko estudio zinematografiko eta kultur kudeaketakoetara

Ekipamendua ezagutzeko eta nabearen ustiapenari buruzko zenbait kontu argitzeko, kontratua ez betetzeagatik dagoeneko zigortua izan den Estudios Melitón S.L. enpresari adjudikatu baitzioten tokiaren kudeaketa

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordeak bisita egin du Lekarozko estudio zinematografiko eta kultur kudeaketakoetara. Azpiegitura publiko hori zinema, telebista, publizitatea eta ikus-entzunezko bestelako produktu batzuk filmatu eta ekoizteko horniturik dago, eta Estudios Melitón S.L. enpresari adjudikatu zioten tokiaren kudeaketa. Esan bezala, enpresa horrek zigor irmoa jaso zuen kontratua ez betetzeagatik (ordaindu gabeko errentengatiko kalte-ordainak), instalazioak apenas erabili gabe. Tokia 2019ko abenduaren 13an inauguratu zuten, milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa egin ondoren.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín (PSN talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (Bildu talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García Malo (PPN talde parlamentarioa) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Nasuvinsako arduradun Carlos Chocarro Industria Lurzoruko zuzendariordeak, Jorge Odériz Mantentze Lanetako eta CTPko buruak eta Pablo Aguinaco Industria Departamentuko teknikariak egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei, Fernando Anbustegui Baztango alkateak lagunduta, Lekarozko enpresa-campusean.

 

Bada, UPN talde parlamentarioak eskatuta egin dute bisita, zertarako eta ekipamendua in situ ezagutzeko eta Melitón estudioak martxan jarri eta ustiatzeari buruzko zenbait kontu argitzeko, oraintxe bertan eskuragarri baitaude, merkaturatze prozesuan, nahiz eta gaur-gaurkoz operaziorik zehaztu ez den.

 

Ondoren, batzordekideek estudioetako gelak eta aretoak bisitatu dituzte —bi plato (650 eta 95 metro erabilgarrikoak, hurrenez hurren), kamerinoak, aldagelak, bulegoak, administrazio eremua eta muntaketarako areto teknikoak—, zuzkidurak inguruan duen landa ingurunearekin batera. Industria zinematografikoa Nafarroara erakarri eta bertako ikus-entzunezko sorkuntza sektorea sustatzeko eraiki zituzten instalaziook, baita prestakuntza arloa bultzatzeko ere, eta hain zuzen ere horrexegatik formalizatu zuten hitzarmen bana Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Fakultatearekin.

 

Carlos Chocarrok azaldu duenez, lanak Estudios Melitónen irizpideen arabera egin zituzten, haren proiektuari jarraikiz; hala ere, tokia utzi zuten, eta ez zioten kontratuari jaramonik egin: kontratuaren arabera, 20 urterako konpromisoa hartu zuen enpresak, baina ez zuen hileko ordainketa bakar bat ere egin, zeina 3.000 eurotik beherakoa baita, antza ez zutelako aurkitu “errentagarria izateko nahikoa ekoizpen. Agian, EAEk ikus-entzunezko ekoizpenari ematen dizkion laguntza fiskalek ere eragina dute, baina hitzartutako alokairuaren prezioak ez dirudi neurriz kanpokoa, zinemagintzak maneiatzen dituen aurrekontuekin alderatuta. Lanean jarraitzen dugu, baina ez da erraza enpresa zinematografiko bat hona ekartzea, merkatu guti dagoelako”, adierazi du.

 

Etorkizunera begira, egoera erraza ez dela jakinik, ikus-entzunezko sektorearen premietara egokitzeko prest daudela aurreratu du Chocarrok, baina ez dutela bestelako aukerarik baztertzen; izan ere, “kontratu bat formalizatu eta instalazioak errentagarri egitea da hemen kontua. Bi plato eta administrazio bulegoak dituen nabe handi bat daukagu, eta, hala egokituz gero, beste erabilera batzuetara molda liteke. Ez dugu ezer baztertzen”, berretsi du.

 

Horraino iritsita, Fernando Anbustegui Baztango alkateak hitza hartu du, adierazteko “edozein jarduera” izanen dela “ongietorria, jasangarria bada. Ez gaude nabea zatitzearen kontra (habia-nabeak), eta ez diogu uko eginen instalazioa birmoldatzeari, tokia edukiz betetzea baita garrantzitsua, jardunean jartzea”.

 

Bien bitartean, Jorge Odérizek adierazi bezala, Nasuvinsa arduratuko da azpiegitura baldintza onetan edukitzeaz, “eraikin hutsen berezko berezitasunekin bat datozen aldizkako berrikuspenak eginez”.

 

Bisita bukatutakoan, Parlamentuko ordezkariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, beharrezkoa izanez gero egokitzat jotzen dituzten egitasmoak abiarazteko.