Europar Batasuneko erakundeak premiatu dituzte Italiari agintzeko Albanian sortu duen barneratze esparrua desegin dezala
Gerretatik eta jazarpenetatik ihesi Mediterraneoa gurutzatzen duten Saharaz hegoaldekoen oinazeak estrapolatu dira Gursen sartutako nafarrek 1939-46 bitartean pairatutakoetara
Parlamentuko Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, Europar Batasuneko erakundeak –Kontseilua eta Batzordea– premiatzen dituena “Italiari agintzeko Albanian sortu duen barneratze esparrua desegin dezala”. Horren alde bozkatu dute UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek, eta kontra, berriz, PPNk eta Voxek.
Onetsi den erabakiak bigarren puntu bat du, non Europar Batasuneko erakundeei eskatzen zaien “legeak eta arauak egin ditzatela migratzaileen barneratze esparruak sortzea galarazten dela ezartzeko”.
Era berean, hirugarren apartatuan, EBko erakundeei erregutzen zaie “gizakiarenganako errespetua eta elkartasuna nahiz kideko balioak lehenesten dituen migrazio politika bat ezar dezatela”.
EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Foru Legebiltzarrari agintzeko “Migrazio eta Asilorako Europako Itunari uko egin diezaiola, ez baitu betetzen migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideei buruzko nazioarteko araudia”, baina ekimena sustatu duen Geroa Baik ez du onartu.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu duen erabakiak nafarren esperientzia estrapolatzen du, “gerra zibiletik eta errepresio hutsetik ihesi pilaketa, malnutrizioa eta askotariko gaixotasunak jasan baitzituzten” Gurseko kontzentrazio esparruan izan zirenean (Pirinio Atlantikoak, Frantzia, 1939-46) Italiak Albanian ireki berri duen esparruan gehienbat Sahara hegoaldekoak diren migratzaileek jasan beharko dituzten oinazeetara.
Sustatzaileak jotzen du migrazioaren arazoa osorik konpontzeko soluzioa ez doala Italiak Albanian jarri duenaren ildotik; izan ere, beste batzuen artean, aldendu egiten da pertsona orok jaso behar duen tratuarengandik, batez ere, kasu honetan bezala, “Mediterraneoa gurutzatu badu gerretatik nahiz edozein motako jazarpenetatik ihes egiteko edo, beste barik, etorkizun hobe baten bila”.
- www.parlamentodenavarra.es
- Publicación de la moción (BOPN, nº 122, de 25-10-2024)
- Enlace con las imágenes de la videoteca
Archivos adjuntos