Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Irailak 29

Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan egin du iraileko batzarra

Unai Hualdek hizkuntza sustatzeko eta garatzeko helburuarekin elkarlanean jarraitzeko eskatu dio Euskaltzaindiari

Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan egin du gaur iraileko osoko bilkura. Unai Hualdek euskaltzainak agurtu ditu bilkuraren hasieran, eta konklabea baliatu du nabarmentzeko hizkuntza koofizialen erabilera ahalbidetzeko Diputatuen Kongresuak Erregelamendua erreformatu izana “berri ona” dela, Gorte Nagusietan euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen baitu. “Apurka pausoak ematen ari dira Espainiako Gorteetan, eta espero dugu Nafarroako Parlamentu honetan ere ematea, herritar guztien hizkuntza eskubideak berdintzeko”.

 

Hala agurtu ditu Parlamentuko lehendakariak Euskaltzaindiako kideak, eta egiten duten lanagatik zoriondu ostean, “Legebiltzarrarekin elkarlanean jarraitzeko” eskatu die, “gure hizkuntza sustatzen jarraitzeko. Espero dut legealdi hau, baita ere, topaketarako eta elkarlanerako izan dadila, guztion artean gure hizkuntzaren, euskararen alde lanean jarrai dezagun”.

 

Amaitzeko, Hualdek goiz emankorra opa die Euskaltzaindiako kideei Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan, "Nafarroako herritarren borondatearen ordezkaritza irudikatzen duen aretoan", eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak Euskara Batuaren Eskuliburuaren V. edizio eguneratua oparitu dio Parlamentuko lehendakariari, Euskaltzaindiak 2018an euskara batuaz emanak zituen arau, gomendio, onespen eta irizpenak biltzen dituen liburua.

 

Euskaltzaindiaren osoko bilkuran izan dira, besteak beste, Andres Urrutia, Euskaltzaindiako lehendakaria, Sagrario Aleman, Nafarroako ordezkaria, Adolfo Arejita, Bizkaiko ordezkaria, Miriam Urkia, Gipuzkoako ordezkaria eta Jean-Baptiste Coyos, Ipar Euskal Herriko ordezkaria.