Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan egin du iraileko batzarra
Unai Hualdek gehiengo sozial eta politikoak euskarari ematen dio babesa nabarmendu du eta hizkuntza sustatzeko eta garatzeko lanean jarraitzeko eskatu dio Euskaltzaindiari
Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan egin du gaur iraileko osoko bilkura. Unai Hualdek konklabea baliatu du nabarmentzeko gizartearen gehiengoak eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek euskara “zaindu beharreko ondasun” gisa ikusten dutela. “Desadostasunak egon badaude, baina euskarak aurrera jarraitzen du eta hori, zalantzarik gabe, albiste ona da”.
Hala agurtu ditu Unai Hualdek Euskaltzaindiako kideak, eta egiten duten lanagatik zoriondu ostean, “Legebiltzarrarekin elkarlanean jarraitzeko” eskatu die, “gure hizkuntza sustatzen jarraitzeko. Euskaltzaindiaren mendeurrena zela eta, 2019ko abenduan Ganbera honek euskara babesteko eta garatzeko egin duzuen lana goraipatu eta balioetsi zuen, izan ere, zailtasunak zailtasun euskarak bere bidea egiten jarraitzen baitu. Eskerrik asko”.
Euskaltzaindiak egindako bilkuran, Castillo Suárez nafarrak lortu zuen Patxi Zabaletaren lanpostu hutsa betetzeko behar zen gehiengoa (Paula Kasares ez zen aurkeztu).
Euskaltzaindiaren osoko bilkuran izan dira, besteak beste, Andres Urrutia, Euskaltzaindiako lehendakaria, Sagrario Aleman, Nafarroako ordezkaria, Adolfo Arejita, Bizkaiko ordezkaria, Miriam Urkia, Gipuzkoako ordezkaria eta Jean-Baptiste Coyos, Ipar Euskal Herriko ordezkaria.