Euskarazko X. Eztabaida Ligaren finala ospatu zen larunbatean Parlamentuan
EHUk irabazi du liga eta Mondragon Unibertsitateko Maddi Zuloaga ikasleari eman diote hizlari hoberenaren saria
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Euskarazko X. Eztabaida Ligaren finalean parte hartu zuen larunbatean, azaroak 11. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera eta Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean egindako ekimena da.
Hualdek eskerrak eman dizkie bi unibertsitateei txapelketa hau antolatzeagatik, “gure erakundea eta gure hemizikloa ikasleengana hurbiltzeagatik”, eta aukera aprobetxatu du "gatazkak konpontzeko orduan hitzak eta komunikazioak duten balioa" nabarmentzeko. “Hitza eta elkarrizketa aldarrikatu behar ditugu. Hori da politikaren muina".
Lehendakaria pozik agertu zen euskaraz antolatutako eztabaida Parlamentuan ospatu izanagatik, eta gaineratu zuenez, "jardunaldi hauek positiboak dira gure hizkuntza aldarrikatzeko, baina baita gure gazteek euskaraz duten gaitasun dialektikoa egiaztatzeko ere".
Zenbait erabaki giza adimenaren esku utzi behar dira eta ez adimen artifizialaren esku? aztergai izanik, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko 7 ikaslek parte hartu dute eztabaidan, bi taldetan banatuta.
EHUk irabazi du Euskarazko X. Eztabaida Liga, eta finala Mondragón Unibertsitatearen aurka izan da. Mondragon Unibertsitateko Maddi Zuloaga ikasleari eman diote hizlari hoberenaren saria.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du lehiaketa, Nafarroako Parlamentuarekin eta Eusko Legebiltzarrarekin lankidetzan.
EHUko taldea hiru ikasle hauek osatu zuten: Marcela Justiniano Soria, Esther Márquez Gascón eta Aritz Piris Postigo. Mondragon Unibertsitatekoa, berriz, lau lagun hauek: Malen González Rodríguez, Unai López Tomé, Unax Martínez Andrés eta Maddi Zuloaga Camarero.
Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Roldán Jimeno Aranguren NUPeko idazkari nagusia arduratu ziren unibertsitate arteko eztabaida-lehiaketaren edizio honetako diplomak banatzeaz. Lehiaketa hori urtero egiten da, txandaka Nafarroako Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitzetan.