Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 14

Ez da aintzat hartu Legebiltzarreko Erregelamendua aldatzen zuen Foru Lege proposamena

Herritarrek Gobernuaren ekintza bultzatu eta kontrolatzeko mekanismoak erabili ahal izatea zuen helburu, hala nola mozioak, adierazpenak, ikerketa batzordeak, galderak edo interpelazioak

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, ez du aintzat hartu Legebiltzarreko Erregelamendua aldatzen duen Foru Lege proposamena, zeinak Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko Foru Lege proiektuaren nahitaezko banakatzeari erantzuten zion, proiektu horretan aurreikusitako zenbait gai Erregelamenduaren erreserban sartzen baitira. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3) eta I-Eren aldeko botoak ez dira nahikoa izan, UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu baitute eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baiko 4 parlamentarik ez baitute bozketan parte hartu.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek bultzatutako lege proposamenaren xedea zen Nafarroako herritarrei egiazko aukera ematea Nafarroako Parlamentuan mozioak, adierazpen instituzionalak eta ikerketa batzordeak sustatzeko, bai eta idatzizko galderak, interpelazioak eta informazio eskeak ere, azken hiru kasu horietan Gobernuari zuzenduak.

 

Legebiltzarreko Erregelamenduak organo legegilearen eskura jartzen zituen mekanismo horiek, Gobernuak garatutako jardueraren bultzatze edo zuzendaritza politikoaren eta kontrolaren eginkizunak bete zitzan, eta herritarren eskura ere jartzen ziren, zenbait baldintza betetzen zirenean.

 

Aipatutako ekimenetatik edozein baliatu ahal izateko betekizunen artean, honako hau eskatzen zen: Nafarroan erroldatuta dauden hamar pertsona elkartzea, gutxienez, haiek sustatzeko. Dokumentazioa jaso eta gero, Parlamentuko Mahaiak ekimena izapidetzeko onartzeari buruzko erabakia hartuko zuen hamabost eguneko epean. Hortik aurrera ekimenak hiru hilabete izanen zituen gutxieneko sinadura kopurua biltzeko (sinatzaileak adinez nagusiak izanen dira, eta urtebetetik gora eraman beharko dute erroldatuak): 2.000, informazio eske, idatzizko galdera eta interpelazioetarako; 3.500, mozioetarako eta adierazpen instituzionaletarako; eta 15.000, ikerketa batzordeak eratzeko.

 

Sinadurekiko dokumentazioa jasota eta Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek exigitzen den sinadura-kopurua lortu dela egiaztatuta, Mahaiak ekimena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara zedin aginduko zuen. Ekimena izapidetu ahal izateko, gutxienez talde parlamentario batek hartu beharko zuen bere gain. Bere egin zuen lehenengo talde parlamentarioaren ekimena balitz bezala izapidetuko zen, nahiz eta beti agertu beharko den ekimenaren jatorrian herritarren ekimen bat dagoela. Batzorde sustatzaileak zilegi izanen zuen ekimena izapidetze parlamentariotik noiznahi erretiratzea. Horretarako, batzordeko kideen erdien gehi beste baten edo gehiagoren sinadurak beharko ziren.

 

Baldintza berak bete beharko ziren Nafarroako Gobernuko kideak gaitzesteko ekimenetarako (gutxienez ere 5.000 sinadura). Inongo erregelamendu parlamentariotan jaso gabeko figura politikoa da, eta Foruen Hobekuntzak ere ez dio aipamenik egiten; horregatik sartu behar zen Erregelamenduan praktika parlamentariotik harago erabili ahal izateko. Gaitzespenaren xedeko pertsonak kargua uzten bazuen, ekimena bertan behera geldituko zen.