Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 21

Ez da aintzat hartu Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua aldatzen duen Foru Lege proposamena

Talde parlamentarioek jasotzen dituzten funts publikoen gaineko kontrola eta gardentasuna areagotu nahi ziren, berariazko kontabilitatea eramatera behartuz

Gaur egindako osoko bilkuran, legebiltzarrak ez du aintzat hartu Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua aldatzeko Foru Lege proposamena, UPNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (2), PSNren, PPNren eta I-Eren aurkako botoekin,  Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzioarekin (1) eta  Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen aldeko botoekin (4).

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik sustatutako lege proposamen horren bidez indartu egin nahi ziren talde parlamentarioek jasotzen dituzten funts publikoen gaineko gardentasun eta kontrol mekanismoak, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 35. artikuluan aipatzen direnak.

 

Horretarako proposatzen zen funts horien % 75, gutxienez, lan parlamentarioetara bideratzeko betebeharra ezar zedila. Ehuneko hori handitu ahalko litzateke geroago, Parlamentuko Mahaiaren erabakiaren bidez. Zehaztutako ehunekoa lan esklusiboki parlamentarioetarako erabiltzen ez bazen, sobratzen zen zenbatekoa Parlamentuaren kontuetara itzuli behar izatea ere proposatzen zen.

 

Bestalde, “jasotako dirulaguntza parlamentarioen berariazko kontabilitate bat eraman beharra” ezarri nahi zen, bai “horiek zuzen baliatzen direla justifikatzeko”, bai “gutxieneko gardentasun-irizpideetan sakontzen jarraitzeko”.

 

Zioen azalpenean argudiatzen zenez, aldaketa “guztiz bat dator eta guztiz koherentea da Kontuen Auzitegiaren azken gomendioekin, zeinen bidez organo fiskalizatzaileak alderdien finantzen gaineko kontrola indartzeko kontabilitate eta legegintza aldaketak proposatzen baititu”.

 

Honako hau zioen Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren aldaketaren artikulu bakarrak:

 

35. artikuluko hirugarren apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

 

“3. Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, diru-kopuru horren zenbatekoa, mota eta hori jasotzeko betebeharrak ezarriko ditu, zeinen artean egonen baita Erregelamendu honetako 29.4 artikuluan ezartzen den bilkuretara joan beharra eta esleitutakoaren % 75eko gutxieneko ehuneko bat ezartzea, hilero bideratu beharko dena lan eta zeregin parlamentarioekin esklusiboki lotutako eginkizunetara. Xede horrekin zenbateko txikiago bat erabiltzen baldin bada, gainerakoa Nafarroako Parlamentuaren kontuetara itzuli beharko da”.

 

35. artikuluari 5. apartatua gehitzen zaio, testu honekin:

 

“5. Talde parlamentarioek jasotako dirulaguntza parlamentarioen berariazko kontabilitatea eraman beharko dute, justifikatze aldera lan parlamentarioetara bideratu beharraren betekizuna —artikulu honen hirugarren apartatuan jasotzen dena— betetzen dela justifikatzeko eta, betiere, jasotzen duten zenbateko osoa justifikatzeko. Talde parlamentarioek Parlamentuko Mahaiaren esku jarri beharko dute kontabilitate hori hark eskatuz gero eta, betiere, urtero, kasuko aitorpenaren ondorengo urteko abuztuaren 1a baino lehen. Mahaiak, erabakitzen den aurkezpen-xehetasunarekin, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du. Betiere, informazio hori Nafarroako Parlamentuaren Gardentasun Atarian egonen da baliagarri”.