Ez da aintzat hartu Udaletako 0-3 ikastetxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko Foru Lege proposamena
PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu sinatutako akordioan oinarritu dira Navarra Sumak udal eskoletako langileen eta Foru Gobernuaren langileen arteko soldata parekatzea ez onartzeko
Gaur egindako osoko bilkuran Nafarroako Parlamentuak ez du aintzat hartu Udaletako 0-3 ikastetxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko Foru Lege proposamena, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren ezezko botoarekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin (I-Ek ez du osoko bilkuran parte hartu).
Navarra Sumak sustatu du lege proposamena, eta xedetzat zuen Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen finantzaketa-moduluak aldatzea, udal titulartasuneko ikastetxeetako langileen soldata eta Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileena parekatzeko, oraingo ikasturtetik bertatik hasita.
Hain zuzen ere, Gobernuaren finantzaketa urriak eta udalen kudeaketa modu desberdinek “konparaziozko bidegabekeria” sortzen dute soldata mailan nahiz kontratazioan –batzuetan funtzionarioak, beste batzuetan kanpoko langileak–, eta egoerari amaiera ematearren dei egiten zen gaur egun langileen lan baldintzetan dauden aldeak ezabatzeko, zeren, soldata gorabehera, langileon “ardura eta eginkizunak berberak baitira, hezkuntza-lana gauzatzen duten zentroa edozein dela ere”.
Testuinguru horretan aldarrikatzen zen “desberdintasun pertsonal, kultural eta sozialak” arintzeko garaian “kalitatea eta izaera konpentsatzailea” dituela ikastetxe publiko eta pribatuen sare zabalak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu zuen 28/2007 Foru Dekretuaren bidez sendotuak, eta ondoren Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion azter zitzan –hiru hilabeteko epean– “kudeatzeko eta finantzatzeko balizko beste eredu batzuk, ratioen jaitsieraren bidez ikasleak hobeto artatzea ahalbidetuko dutenak”.
Azken xedapen bakarrak zioenez, lege proposamenak 2023ko urtarrilaren 1ean hartuko luke indarra, baina “2022-2023 ikasturte osoan aplikatzekoa” izanen litzateke. Parekatzearen kostua estaltzeko, “2023ko urtarrilean ordainketa berezia” eginen litzaieke udalei.
Hitza hartzeko txandetan, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeetako bozeramaileek lege-proposamena aintzat hartzearen aurkako irizpidea justifikatu dute, izan ere, udal-titulartasuneko haur-eskoletako langileen lan-baldintzei buruz atzo akordio bat lortu baitzuten; 2023rako aurrekontuetako proiektuan 4,3 milioiko partida berri bat sartzea aurreikusten baita langile hauek 2023ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Gobernuko haur-eskoletako langileekin parekatzeko. I-Erekin batera sinatutako akordioak, zehazten denaren arabera, “2022/23 ikasturtean ezarritako hezkuntza-laguntzak indartzea” barne hartzen du.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (82. NPAO, 2022-06-21ekoa)