Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 2

Ez da onartu Nafarroako 2015eko Kontu Orokorrei buruzko Lege proiektua

Gastuen %81 arruntak izan ziren, eta Administrazio Publikoaren sektorearen zorra, aurrekontu-egonkortasunari dagokionez, 3.322 milioikoa izan zen, 2014an baino 125 milioi gehiagokoa

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin, Nafarroako 2015eko Kontu Orokorrei buruzko Lege proiektua, zeina 2012ko Aurrekontuen hirugarren eta azken luzapena baita (3.837,72 milioiko aurrekontuak, 2016koen aurretik onetsitako azkenak).

 

Behinola Kontuen Ganberak emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2015eko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Ildo horretan, txostenean jaso dira Nafarroako Gobernuaren kontuak eta haren erakunde autonomoenak, Nafarroako Kontseiluarenak, sozietate eta fundazio publikoenak, Parlamentuarenak eta haren menpeko organoenak (Kontuen Ganbera eta Arartekoa).

 

Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, urte horretan 3.914 milioi euro gastatu zituen eta 3.876 euroko diru-sarrerak izan zituen. Gastuak %3 hazi ziren 2014ko datuen aldean, eta diru-sarrerak %1 handitu ziren.

 

Gastuetako kapitulu nagusia transferentzia arruntena da (1.471 milioi), eta bigarren garrantzitsuena langile-gastuen kapitulua da (1.138 milioi).  Ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arruntek 562 milioi egin zuten, eta inbertsioek beheraka jarraitu zuten inoiz ikusi gabeko mailaraino, 92 milioiraino, hain zuzen.

 

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 1.467 milioi egin zuten eta zeharkakoek 1.641 milioi. Hirugarren finantzaketa iturri garrantzitsuena zorpetzea izan zen, hala finantzatu baitziren 447 milioi.

 

Aurrekontuko saldo ez finantzarioak (diru-sarrera eta gastu ez finantzarioen arteko aldea) 163 milioiko zenbateko negatiboa izan zuen. Zifra hori aurreko urtekoa baino txarragoa da. Diruzaintza-gerakinaren zenbateko negatiboak gora egin zuen eta 238 milioira iritsi zen. "Egoera horrek epe laburrean likidezia- eta kaudimen-tentsioak eragin ditzake Foru Ogasunean", dio Kontuen Ganberak.

 

Osasun arlokoa izan zen gastu portzentajerik handiena: %24. Bigarren kontzeptu nagusia Estatuarekiko Hitzarmena da, guztizko gastuaren %16 jaso baitzuen. Hezkuntzak gastuaren %15 bereganatu zuen, zor publikoak %11 eta gizarte zerbitzuek %6.

 

Tributuen diru-bilketa likidoa 3.200 milioikoa izan zen, 2014koa baino %6 handiagoa. Gastuei dagokienez, hiru arlotan izandako gehikuntza nabarmentzen da: Osasunean 958 milioi gastatu ziren, eta aurreko urtean 916; Hezkuntzako gastuak 568 milioitik 580 milioira igo ziren; azkenik, gizarte-babesaren arloan 451 milioi gastatu ziren, eta 2014an 442.

 

Txostenak dioenez, Foru Komunitateko Administrazio Publikoak 2015eko ekitaldian ez zituen bete aurrekontu-egonkortasuneko helburuak, ez gastu-arauari dagokionez, ezta finantzaketa-beharrei dagokienez ere. Aldiz, bete egin zuen ekitaldi horretarako ezarritako finantza-egonkortasuneko helburua, hala zor publikoari nola merkataritza-zorrari (hornitzaileei ordaintzea) erreparatuta.

 

3.322 milioi euroko zorra

 

Nafarroako Administrazio Publikoaren Sektorearen zorra, aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudiaren ondorioetarako, 3.322 milioikoa izan zen, hau da, 2014an baino 125 milioi gehiagokoa.

 

Zenbateko horretatik, Nafarroako Gobernuari 3.164 milioi dagozkio guztira –itzalpeko bidesarien ondoriozko zorra barne–. Gainerako 158 milioiak sozietate eta fundazio publikoenak dira.

 

Txostenak azpimarratu egiten du Nafarroako Gobernuak segitzen duela kanpoko finantzaketara jotzen bere gastu arruntak estaltzeko eta zorrari aurre egiteko; horrek, noski, zorra handitzen du eta baliabide gehiago behar dira zorra finantzatzeko.

 

Azken urteotan sortutako zor garbia –itundutako zorra ken amortizatutako zorra– ekitaldiz ekitaldi aztertu da txostenean. Ildo horretan, gastuak zorraren bidez finantzatzeko behar handienak 2010ean izan ziren: ia 500 milioi. Urte horretatik aurrera beherantz hasi ziren harik eta 2015ean 140 milioira jaitsi arte. Ekitaldi horretan 447 milioiko zorra itundu zen eta 307 milioiko zorra amortizatu zen.

 

Txostenak eskatzen du gastuak eta diru-sarrerak sistematikoki berrikusi eta helburuak berriz defini daitezela, kontuak orekatzeko eta, horrenbestez, zorra murrizten hasi ahal izateko.

 

Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikotik heldu diren fluxu finantzarioak ere aztertu dira; hain zuzen, 2015ean Nafarroak 618 milioiko ekarpena egin zuen Estatuaren zama orokorretarako. BEZaren eta zerga berezien doikuntzak direla-eta 744 milioiko diru-sarrerak izan ziren.

 

Horri buruz, txostenak gomendatzen du, 2015eko ekitaldia 2015-2019 bosturteko berriaren oinarri-urtea denez, eguneratu egin daitezela zama orokorretarako oinarrizko ekarpena eta tributu doikuntzak kalkulatzeko metodologia, Hitzarmenak berak ezartzen duenari jarraituz.

 

2015eko kontuak aztertutik, Kontuen Ganberak txostenean adierazten du irudi zehatza erakusten dutela, oro har, ondareari, aurrekontuen likidazioari eta Foru Administrazioaren finantza-egoerari dagokienez. Hala ere, Kontuen Ganberak bi salbuespen egiten ditu: baloratutako inbentario orokor baten falta, eta kontu orokorretan jaso ez izana funtzionarioen montepioaren betebeharrak.

 

Enpresa publikoak

 

Enpresa publikoak 16 dira. Guztira 853 milioiko ondare garbia dute, eta 260 milioiko zorra. Ekitaldiko emaitza orokorrean 60 milioiko galerak izan zituzten. Tracasa, Salinas de Navarra eta Posusa dira irabazia lortu zuten hiru sozietateak. Sozietate publikoek 1.061 langile dituzte guztira, goi zuzendaritzakoak barne.

 

Horren haritik, txostenak gogora dakar egungo Nafarroako Gobernuak irizpide berriak onetsi dituela enpresa publikoetako zuzendariei ordaintzeko: helburuei lotutako lansari aldakorra kendu du, eta urtean 55.000 eta 85.000 euro gordin bitarteko ordainsariak ezarri ditu.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (8. NPAO, 2017-01-12koa)