Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 2

Ez da onartu Nafarroako herrien izen ofizialak erabakitzeko eskatzen zuen mozioa

Alegatzen zuen Nafarroako Gobernuak orain arte ez duela gauzatu toponimia eta beraren erabilera normalizatzeko lana, legez hala dagokion arren

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen honako hau eskatzea Nafarroako Gobernuari: “Euskarari buruzko 18/1986 Legeak agintzen duena betez, Nafarroako herrien izen ofizialak erabaki ditzala, horretarako erakunde aholku-emaile ofizialaren –Euskaltzaindia– irizpenari jarraituz”. UPN, PSN eta PPNk mozioaren kontra bozkatu dute, Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute.

 

Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “herrien izen ofizialak erabaki ondoren, izen horien erabilera esparru guztietan heda eta normaliza dezala, besteak beste, errepideetako eta bideetako seinalizazioan, kartografian eta, oro har, argitalpen guztietan, bereziki erreparaturik hezkuntzaren eta kulturaren alorrei”.

 

Hori guztia, “horretarako behar den plangintza eta programazioa eginez eta behar beste baliabide esleituz”.

 

Geroa Baik zuzenketa bat aurkeztu du honako hau gehitzeko azken atal horri: “Lan horretan beti errespetatu behar da udalen autonomia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean jasota dagoen bezala”. EH Bilduk, ekimenaren titularrak, ez du onartu.

 

UPNk aurkeztutako ordezte zuzenketa ere ez du onartu EH Bilduk. Bertan Nafarroako Gobernuari dei egiten zitzaion “Nafarroako euskal toponimoei buruzko beste irizpen bat eskatzeko Euskaltzaindiari, zientifikotasun irizpide egokiak beteko dituena eta arloko adituen adostasuna bilduko duena”.

 

EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako mozio horren zioen azalpenean gogorarazten da Euskaltzaindiak egina daukala aspaldi Nafarroako herri-izen guztien zerrenda, gaztelaniazko nahiz euskarazko aldaerak jasota, eta bertan zehazten dela herrien izen ofiziala zein izan beharko litzatekeen.

 

Nafarroako Gobernuak, ordea, “ez du orain arte legeak esleitu dion egiteko hori gauzatu, eta, udal jakin batzuek bultzatuta ofizial bihurtu diren zenbait herri-izen izan ezik, gainerako kasu guztietan –eremu euskaldunean izan ezik–, gaztelaniazko aldaera da gaur egun ofiziala den bakarra, eta herrien euskarazko izenek ez dute ofizialtasunaren mailarik lortu, horrek dakartzan ondorio guztiekin, errepideetako errotulazioan nahiz kartografia ofizialean, besteak beste”.

 

Proposatzailearen iritziz, Nafarroako herrien euskarazko izenak “historiaren, aberastasunaren eta ondarearen osagai bat dira, eta hori ezin da ikusezin bihurtu”.

 

Horregatik, eta ikerketa teknikoa eta zientifikoa egina dagoenez, “Gobernuari dagokio behar diren urratsak ematea toponimiaren normalizazioa eta erabilera ofiziala erabakitzeko”, azpimarratzen da.